Ikasleek beren denboraren %15 soilik eskaintzen diote hezkuntza arautuari. Etxean edo aisialdian ematen dituzte eguneko gainerako orduak, eta, euskararen transmisioari dagokionez, eragin handia du banaketa horrek. Guraso erdalduneko familia askotan, eskola orduak dira haurrek euskaraz aritzeko duten aukera bakarra. Horregatik, Iruñerriko ikasleen aisialdian eragin nahi du Sortzen elkarteak: Jauzi.eus bilatzailea sortu du, euskaraz antolatzen diren eskolaz kanpoko jardueren bilgune izan dadin. Oraingoz, egitasmora batu dira Iruñerriko zortzi ikastetxe publikotako guraso elkarteak —Amaiur ikastola, Bernat Etxepare, Hegoalde, Patxi Larraintzar, San Frantzisko, Ermitaberri, Irulegi eta San Miguel— eta lau udal —Antsoain, Zizur, Aranguren eta Berriozar—. Webgunea maiatzaren 29an jarriko dute ikusgai, eta aukera emanen du hortik zuzenean guraso elkarteek antolatutako jardueretan izena emateko. Herrien kasuan, udal bakoitzaren webgune propiotik eman beharko da izena, eta Jauzi.eus informazio gune besterik ez da izanen.
Iruñeko Laba elkartean aurkeztu dute proiektua. Bertan, webgunearen helburuak aletu dituzte Sortzen elkarteko kide diren Iñigo Otxoak eta Aitziber Garmendiak. «Eskolaz kanpoko jardueren zabalpenerako eta izena emateko toki erreferentziala sortu nahi izan dugu», azaldu dute. «Horrez gain, xedetzat ditugu euskara hutsezko aisialdi zirkuituak koordinatzea, guraso elkarteetako batzordeei lana erraztea, kontaktuen sare bat osatzea eta jarduerak gainerako auzo eta herrietan ezagutzera ematea». Oraingoz, Iruñerriko D ereduko ikastetxe publikoetako ikasleei eta guraso elkarteei zuzendua dago Jauzi.eus: «Eskaintza irekita egonen da kanpoko ikasleei ere, baina bertako ikasleen lehentasuna bermatuta, betiere».
Murgiltzea, lehentasun
Proiektuaren lehentasunen artean dago euskararen erabilera sustatzea. Horregatik, bereziki zainduko dute murgiltzea, bai eskaintzan bai metodologian: «Jarduera guztiak euskarazko murgiltze metodologian oinarrituta daude. Guraso elkarteetako jardueretako begiraleek murgiltzea zaintzeko eta euskara dinamizatzeko formakuntza jasoko dute», adierazi dute.
Horregatik hain justu, «kontzientziazio lana» ere egin dute ikastetxeetan, webgunea martxan jarri aurretik: «D ereduko azken urteetako soziologia askotarikoa da, eta familia guztiek ez dute transmisioaren inguruko beharrezko orientazioa. Horregatik, hainbat ikastetxetan, kanal ezberdinen bidez, kanpaina bat jarri genuen martxan familiei aisiaren garrantziaz ohartarazteko», azaldu du Garmendiak. Gogorarazi du, halaber, Sortzen-en helburua dela «ume guztiek euskara eroso erabiltzea», eta, horretarako, «euskarazko zirkuituak» behar direla, bai etxean bai aisialdian.