Sortu ez da fio EAJren kudeaketa publikoarekin. Maribi Ugarteburu bozeramaile eta EH Bildu koalizioko legebiltzarkideak esan duenez, jeltzaleei ez diete ustelkeriarik leporatuko horretarako frogarik ez badute, baina «zorrotzak» izango dira, bereziki, EAJko Bizkaiko agintari eta hautetsiek «diru publikoarekin egiten ari diren kudeaketa ilun eta arduragabearekin».
Europa Press berri agentziari eskainitako elkarrizketa batean, Ugarteburuk argi utzi du, halere, haiek ez dutela parte hartuko «PPk sortutako polemikan». Alderdi horrek susmopean jarri du EAJren batzokien finantzaketa, eta, jeltzaleekin eztabaidarik ez dutela nahi esaten ari badira ere, ia egunero ari dira adierazpenak egiten horren inguruan. EAJkoak, berriz, haserre agertu dira, eta mehatxu egin dute alderdi horrekin dituzten harremanak hautsiko dituztela, esandakoak zuzendu ezean.
Ugartebururentzat, antzezpena egiten ari dira bi alderdi horiek, baina, hala izanik ere, azpimarratu du ez dela «kasualitatea» PPkoek gai hori mahai gainean jartzea orain, Kataluniako presidente ohi Jordi Pujolen ustezko eroskeria kasua ezagutarazi denean. Hala, Sortukoak nabarmendu du CIUko buruzagi ohiaren kasua publiko egin dela, hain justu, alderdi horrek eta Katalunian oro har «subiranismoaren aldeko apustua egin dutenean». Ugarteburuk susmoa dauka EAEko PPk Euskal Herrira ekarri nahi duela «estrategia» hori bera. «EAJri egindako abisu bat izan daiteke: 'Erabakitzeko eskubidean gehiegi sakontzen baduzu, hau gertatuko zaizu'».
«Kudeaketa penagarria»
Ugartebururen ustez, EH Bilduk zenbait udaletan atzemandako «irregulartasunek» erakusten dute jeltzaleen kudeaketa «iluna» dela. Ustelkeria kasuak izateraino ez direla heldu nabarmendu duen arren, azpimarratu du udaletan «kudeaketa penagarria» egiten ari direla.
Sortukoak, halere, adierazi du EH Bilduk frogarik izan gabe ez duela hitz egingo ustelkeria kasuez, baina zorrotza izango dela «kudeaketa iluna izan dela azalarazi den kasuetan», Bizkaiko Diputazioan eta udaletan bereziki. «Instituzio horietako kutxa beltzetan ez dago ia informaziorik», salatu du. «Diru publikoa herritar guztiona den heinean, beharrezkoa da gardentasunerako borondatea erakustea eta praktikan jartzea; besteak beste, kontuak modu argian erakutsiz», gaineratu du.
Sorturentzat, EAJ diru publikoaren kudeaketa «iluna» ari da egiten
Bizkaiko Diputazioan eta udaletan atzeman dituzte bereziki «irregulartasunak».Batzokiei buruzko auzian, berriz, PPkoak eta EAJkoak antzezpena egiten ari direla uste du Ugarteburuk
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu