Santi Brouard hil zutenetik berrogei urtera eta Josu Muguruza hil zutenetik 35 urtera, «haiek helburu zuten Euskal Herriaren arnasa inoiz baino biziago» dago, Sorturen ustez. Hala esan du Paul Laka Sorturen Bizkaiko arduradun politikoak, HBko bi ordezkarien hilketen urteurrenetan egindako manifestazioaren amaieran. Brouarden kontsultatik Plaza Berrirako bidea egin dute manifestariek, Herriaren arnasa – Independentziarako indarra! lelopean.
Euskal Herria nazioa dela aitortzeko eta herri gisa aritzeko garaia dela aldarrikatu dute. «Askatasun horrek, ezinbestean, oinarri izan behar du gure etorkizunaz erabakitzeko dugun eskubidea errespetatzea», gaineratu du Lakak.
Oihana San Vicente Sorturen Nazio Idazkaritzako kideak ere hitz egin du. Oroitu du Euskal Herria «nazio zapaldua» dela oraindik ere, eta hura itotzeko «gerra zikina» erabili izan dutela. «Espainiako Estatuak eragindako biktimen aitortza ofizialetan urratsak egin arren, bide luzea dago egiteko oraindik aitortzaren, erreparazioaren eta erantzukizunen esparruan». Horren harira, nabarmendu du «memoria osoa» eraiki behar dela eta gatazka politikoaren erroari heldu behar zaiola, haren iritzian horretarako aukera badelako. Nazio aitortza eta estatus politiko-juridiko berrien eztabaida «pil-pilean» dela nabarmendu du.
Bukatzeko, EH Bilduk larunbat honetan Bilbon egingo duen mobilizaziora joatera deitu dute; Nazioa gara lelopean mobilizatuko dira.
Nazioarteari begira
Nazioarteko gerra giroa ere hizpide izan du Lakak, eta «basakeria ala bakea» hautatzeko garaia dela azaldu: «Eliteen belizismoaren aurka, kosta ahala kosta, bakea defendatu behar da. Gerra ezarri nahi digute, statu quo-ak bere horretan iraun dezan, eta eliteek kapitala pilatu dezaten aurrerantzean ere, langile klasearen bizkar. Hori dela eta, munduko ezkerrak bakea eraikitzeko betebeharra du». Horretarako konpromisoa adierazi du, baita Euskal Herria askatasunera eramango duen proiektua azkeneraino eramatekoa ere: «Bidea herriarekin berarekin eginez, herria dagoen tokian egonez, herri arnasa izanez»
Erlazionatuta