Sortuko zenbait kideren txat solasaldiak ikertu ditu Espainiako Auzitegi Nazionalak

Txat horietan «presoei eginiko harrera ekitaldiei buruzko informazio ugari» jartzen zutela esan du Manuel Garcia Castellon epaileak. Arnaldo Otegik uste du epaileak «euskal fronte bat» zabaldu nahi duela.

Espainiako Auzitegi Nazionala. J. DANAE
Espainiako Auzitegi Nazionala, artxiboko irudi batean. J. DANAE
Ion Orzaiz.
2024ko urtarrilaren 31
12:00
Entzun

Sortuko eta Sareko zenbait kidek erabilitako txat batzuk ikertzen ari da Manuel Garcia Castellon, Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailea. EFE berri agentziari filtratutako autoaren arabera, epaileak jakin nahi du nork kudeatzen zituen txat horiek, «zeinetan partekatzen baitziren ETAko preso eta iheslariekin zerikusia duten gaiei buruzko jarraibideak eta arauak».

Ikerketa horren harira, Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak esan du Castellon epaileak «euskal fronte bat» ireki nahi duela, «Kataluniako frontea ireki duten bezala». Kazetarien galderei erantzunez egin ditu adierazpenak Otegik, eta «analisi sakonak eta integralak» galdegin: «Espainiako Estatuan norgehiagoka bat gertatzen ari da; alde batean, estatuko nazioen, herrien eta langileen intereseko eztabaidak abiarazteko aukera zabaldu nahi dugunok gaude, eta bestean, aukera hori galarazi nahi dutenak». EH Bilduko buruak gaineratu duenez, «trantsizio deituriko horren alternatiba oro sabotatu nahian» ari dira «Espainiako eskuina eta eskuin muturra», eta estrategia horrekin lotu du du Espainiako Auzitegi Nazionalaren azken erabakia. Sortuk ere «eskuin erreakzionarioaren operazio politikotzat» jo du, irekita dagoen «aukera leihoa» ixten ahalegintzeko.

Espainiako Auzitegi Nazionaleko 6. Instrukzio Aretoak 2019an zabaldutako auzi batean du oinarria ikerketak: orduko hartan, euskal presoei eginiko 95 harrera ekitaldi «antolatzea eta koordinatzea» leporatu zieten Sortuko zenbait kideri, eta «terrorismoa goratzea» eta «biktimak umiliatzea» egotzi. Horrekin lotuta, Sortuko kide Antton Lopez Ruiz Kubati, Oihana San Vicente, Haimar Altuna eta Oihana Garmendia atxilotu zituzten 2020ko urtarrilean. Aske gelditu ziren denak, epailearen aurrean deklaratu ostean.

Iazko urrian, 6. Instrukzio Aretoko epaileak erabaki zuen auzia ixtea, baina Dignidad y Justicia elkarteak helegitea aurkeztu zuen. Orain, Garcia Castellon epaileak ontzat eman ditu talde horren argudioak, eta auzia berriz ireki. Carlos Saez de Egilaz eta Felipe San Epifanio presoen sakelakoak dira zelatatu dituztenak, eta hor topatu dituzten Telegram taldeak dira ikerketaren oinarri nagusiak. Zehazki, epaileak dio Sortu-herritmoa bizitu izeneko kanalean «informazio eta mezu ugari» jartzen zituztela «ETA talde terroristako presoak aske uzten zituztenean». EFEri filtratutako autoan, Garcia Castellon epaileak gehitu du Sorturen beste txat batean «jarraibideak» zabaltzen zirela «zenbait alorretako jarduerari buruz», eta gero «Sorturen hedabideek aplikatzen zituztela» horiek.

Guardia Zibila arduratu da presoei eginiko harrera ekitaldiak ikertzeaz. Haren arabera, 2016ko abenduaren eta 2019ko urriaren artean 95 harrera egin ziren Hego Euskal Herrian, «gehienak Kalera Kalera dinamikaren bitartez». Pedro Sanchezek, jarduneko Espainiako presidente zela, «onartezintzat» jo zituen harrerak, Jose Jabier Zabaleta Baldo eta Xabier Ugarte euskal presoei eginikoen ostean. Orduan, Sanchezek fiskaltzari eskatu zion halako ekitaldiak ikertzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.