Sorturen kongresu prozesuan, Nazio Kontseiluak aurkeztutako Herrigaia txostenaren eta Lurrari Lotuz osoko zuzenketaren artean botoa emateko asteburua izan dute Sortuko kideek. Zuzendaritzaren proposamena nagusitu da: 7.936 kidek eman zezaketen botoa, eta 4.164k bozkatu dute (%52,4); horietatik %71k (2.948) babestu dute Herrigaia, eta %22k Lurrari Lotuz (919). 297k (%7) zuri bozkatu dute.
«Herrigaia hastapenik eraikuntza kolektiboa izan da. Buruz buruko 500 elkarrizketaren, dozenaka herri batzarren eta udaran egindako bi Nazio Topaketen emaitza, eta hala izango da aurrerantzean ere», zabaldu du Nazio Kontseiluak ohar batean.
Eztabaida prozesuak aurrera jarraitzen du. Abenduaren 5a arte, aukera dago Herrigaia>> dosierrari zuzenketa partzialak egiteko, eta abenduaren 17tik 19ra bozkatu ahal izango dira.