Sortuko hainbat ekintzaile biluztu egin dira tortura aitor dezatela eskatzeko

Espainiako Gobernuak Araban duen ordezkaritzaren aitzinean egin dute ekintza, Gasteizen. «Ardurak» eskatu dizkiete erakunde publikoei

Sortuko ekintzaileak biluzik, atzo, Gasteizen. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
maddi ane txoperena iribarren
2022ko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Biluzik, lurrean, eskuak lotuta eta burua poltsa beltzez estalita. Halaxe agertu ziren atzo hogeita hamar bat ekintzaile Gasteizen, Espainiako Gobernuak Araban duen ordezkaritzaren eta polizia etxe baten aitzinean. Hilaren 13an izanen da Torturaren Aurkako Eguna, eta, horren karietara, torturaren «errealitate iluna» bistaratu eta «aitortza, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermeak» eskatu zituen Sortuk Gasteizen eginiko ekintza sinbolikoaren bidez. Ezker abertzaleko alderdiak salatu zuen, hain zuzen, erakunde publikoek «ahan tzi» egiten dutela «milaka herritarrek pairatutako oinazea», eta hori aitor zezatela eskatu zuen.

Haimar Altuna Sortuko gatazkaren ondorioen konponbiderako batzordearen arduradunak «ardurak» eskatu zituen ekintzaren aldamenean eginiko adierazpenetan. «Egia osoa» argitara ateratzea galdegin zuen, salatuta orain arte ez dela halakorik egin: «5.667 euskal herritarrek igaro behar izan dute torturaren atzapar krudeletik, eta, hala ere, inongo arduradun politikok ez du ezelako zintzotasun ariketarik egin, ez eta eragindako kaltea aitortzeko urratsik egin ere». Sortuko kideak salatu zuen oraindik ere tortura «zuritu» egiten dutela, eta «inpunitatea» ematen zaiela «torturaren arduradun politikoei» zein torturatu duten poliziei, Guardia Zibilari, Espainiako Poliziari eta Ertzaintzari.

«Ezinbestekoa»

Altunaren hitzetan, «ezinbestekoa» da torturaren arduradunek egin zutena aitor dezatela. «Ezinbestekoa da tortura hauspotu, isilarazi eta modu batera edo bestera posible egin zuten horien aitortza, izan politikari edo mediku, izan abokatu edo epaile, izan fiskal edo kazetari». Sortuko kideak adierazi zuen «ezker abertzalea» urratsak egiten ari dela «biktima guztien aitortzara bidean», eta berdin egin beharko luketela «torturaren eragileek» ere: «Behar-beharrezkoa da torturaren egia argitara eraman eta milaka torturatuek merezi duten aitortza, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermeak eskuratzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.