Sortuk uste du Espainiako Estatuko judikaturan "pultsu bat" dagoela gaur egun "justizia administrazio independentea eta PPren gobernuaren interesak bete nahi dituztenean artean", baina esan du oraingoz bigarren ildoa dela nagusi.
Santiago Arrospiderena ez ezik —behin-behinean berriro kartzelan sartu dute, duela ia 30 urteko kasu bategatik—, Gorenak euskal presoei zigorrak ez batzeaz hartutako erabakia ere aipatu dute adibide modura Amaia Izko eta Pernando Barrena Sortuko bozeramaileek, eta aurreikusi dute Europak azkenean Espainiako Estatuaren aurka egingo duela, Parot doktinarekin gertatu zen bezala. "Agian, gobernuak maniobra hau egiten du, jakin badakielako posible dela Auzitegi Nazionaleko aretoren batek gaia Europako epaitegira eramatea, eta hor ere eskubideen alde ebatziko dutela".
PPk, "gorrotoaren eta mendekuaren" estrategiarekin, berari boza emango dioten "sektorerik erreakzionarioenei bazka" eman nahi diela adierazi du Sortuk. "Gero PPk, Europak ebazpen horiek zuzenduko dituenean, esan ahal izateko Europak galarazten duela Espainiako Estatuan bizi guztiko zigorra ezarri ahal izatea. PPren gobernuari ez zaio axola gabezia horiek Europan paseatzea".
Erabaki judizial horiekin-eta Espainiako Estatuan "ahalegin izugarria" egiten ari dira azkenaldian "aldaketa politikoa ekarriko duten prozesu desberdinak geldiarazteko", Izkok eta Barrenak azaldu dutenez, eta, hala, "estatu autokolpe bat" ematen ari dira, "oinarrizko eta funtsezko askatasun guztiak bortxatuta". Sortuko bozeramaileek Donostian emandako prentsaurrekoan esan dutenez, PPko sektore "ultrenak", Guardia Zibila eta judikaturako hainbat lagun dira dinamika horren bultzatzaile.
PPk Mikel Zubimendi euskal preso ohi eta Gara-ko kazetariari ETBk solasaldietan betoa jartzeko eskatu izana da estatuaren jarreraren beste adibde bat. Bide batez, ETBk Sorturi eta EH Bilduri "zentsura" ezartzen diela salatu dute Izkok eta Barrenak.
Euskal Bidea
Estatuak "ukazioa eta errepresioa soilik" eskaintzen dituenez, Sortuk, EH Bildu eta EH Bai koalizioetako kide gisa, "independentziarako alde bakarreko bidea" hautatu duela gogoratu du. "Horregatik jarri dugu mahai gainean Euskal Bidearen proposamena".
Joan den larunbatean aurkeztu zuten EH Bilduk eta EH Baik eskaintza hori. Euskal Estatua sortzea dute helburu. Euskal Herriko egungo errealitate administratiboa aintzat hartuz, erabakitzeko eskubidea tresna gisa hartu nahi dute independentziarako, aldebakartasunari helduta. Lehen neurrien artean, erabakitzeko eskubidearen aldeko gehiengo instituzional eta sozialak eratzea proposatu diete euskal eragileei.