Sortuk salatu du «jarduera zilegi eta legezkoak kriminalizatzen» ari direla

Rodriguezek dio «sakoneko estatua bizikidetza demokratikorako urratsak» trabatu nahian ari dela

Arkaitz Rodriguez, atzoko agerraldian, polizia operazioetan atxilotutako Sortuko sei kideekin. JON URBE / FOKU.
jon olano
Donostia
2021eko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Euskal presoei espetxetik irtetean egiten zaizkien harrera ekitaldien antolaketan zerikusia dutelakoan, Espainiako Guardia Zibilak Kai Saez de Egilaz eta Pipe San Epifanio atxilotu zituen joan den astean. Gisa bereko hirugarren polizia operazioa izan zen, etaSortuk agerraldi bat egin zuen atzo, operazio horien inguruko irakurketa egiteko. Besteak beste, Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiak ohartarazi zuen presoen harrera ekitaldien aurka jota «jarduera zilegi eta legezkoak kriminalizatzen» ari direla.

Agerraldian izan ziren hiru operazioetan atxilotutako sei lagunak: Saez de Egilaz eta San Epifanioz gain, Antton Lopez, Oihana San vicente, Haimar Altuna eta Oihana Garmendia. «Guztiak Sortukoak eta guztiak auzi horretan jopuntuan daudenak», azaldu zuen Rodriguezek, eta salatu «auzi politiko berri bat eraikitzen» ari direla «preso politikoei egiten zaizkien harrerak aitzakiatzat hartuta». Gainera, «eraso» horri gehitu zion datorren astean Madrilen hastekoa den 13/13 auziko epaiketa, «biak direlako auzi politikoak eta biek dituztelako oinarrian jarduera politiko antzekoak: jarduera politiko zilegi eta legezkoak». Presoen asistentzia eta eskubideen defentsa zigortu nahi dutela uste du Sortuk, nahiz eta Auzitegi Nazionalak legezkotzat jo izan dituen jardun horiek.

Rodriguezek bost ideia plazaratu zituen operazioon inguruan. Batetik, galdetu zuen nor dagoen auzi horren atzean, eta zer helburu duen: «Oraindik orain ez dago auto judizial bakar bat ere. Hiru operazio egon dira orain arte presoei egiten zaizkien harrerak aitzakiatzat hartuta, eta hiruretan bulkada Guardia Zibilarena eta Auzitegi Nazionalaren fiskaltzarena izan da. Baina ez dago auto judizial bakar bat ere». Bigarrenik, testuinguruari erreparatu zion, eta gogorarazi zuen espetxe politika «normalizatzen» ari den honetan gertatzen ari direla atxiloketa horiek: «Horrek garbi adierazten du Espainian sakoneko estatu esaten diogun hori, botere faktikoak, estoldak, beren esku dagoen guztia egiten ari direla bakearen eta bizikidetza demokratikoaren bidean edozein urrats egin dadin galarazteko».

Zentzu horretan, Sortuk uste du bi arrazoirengatik jartzen dela arreta harreretan: batetik, «ezkutatu» nahi delako «preso politikoei salbuespenezko espetxe politika aplikatu izan zaiela eta aplikatzen zaiela»; eta, bestetik, «estatuaren biolentziaren inpunitatea ezkutatu nahi delako». Izan ere, Rodriguezen esanetan, «preso politikoen harreraz hitz egiten bada, preso daudelako da; beren erantzukizunengatik ordaindu dutelako». Eta, hori horrela, zera galdetu du: «Zenbat ordaindu dute estatuaren biolentziaren arduradunek? Zenbat gerra zikinaren arduradunek, eta torturatzaileek? Zero. Afera ez dira harrerak; arazoa da estatu biolentziaren eta arduradunen inpunitatea».

Gainera, operazioaren «erantzukizuna» Auzitegi Nazionaleko fiskaltzatik eta Guardia Zibiletik harago kokatu zuen Rodriguezek: «Atxiloketetan ardura daukate preso politikoen harrera horiek kriminalizatu izan dituztenek eta kriminalizatzen dituztenek, presoen asistentzia eta eskubideen defentsa kriminalizatzen dutenek». Hortaz, dei egin die «ez dezaten elikatu bakearen etsaien agenda».

Aietetik hamar urtera

Urrian hamar urte beteko dira ETAk bere jarduera armatua behin betiko amaitu zuenetik, eta efemeridea ere gogoan izan zuen: «Espainiak jarraitzen du auzi politikoak eraikitzen, Guardia Zibila bidaltzen euskal herritarrak atxilotzera eta jazartzera». Galdetu zuen noiz desagertuko den «estatuaren biolentzia», eta erantsi badela «garaia Espainiako Estatuak ere egin dezan bere garaian ETAk egin zuena: ekuazio politikotik bere indarkeria ateratzea. Bada garaia auzi politiko honi aterabide demokratiko bat emateko».

Azkenik, Rodriguezek ziurtatu zuen Euskal Herriak «erabakia» duela «elkarbizitza demokratikoan bizitzea. Inork ez du hori zapuztuko». Hala, herritarrei dei egin die bide horretan ez dezaten «etsi», eta larunbatean 13/13 sumarioa salatzeko Bilbon eta Donostian egingo dituzten manifestazioetara batu daitezen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.