Hiru urteko etenaldiaren ostean, Sortuk Plaza Hutsa antolatu du otsailaren 4rako, herrigintzari buruz gogoeta egiteko asmoz. Aurreko bi aldietan Durangon eta Gasteizen egin ostean, lehen aldiz Nafarroan egingo dute; zehazki, Burlatako Kultur Etxean. Eguneroko jardueratik at herrigintzan aritzen diren ezker abertzaleko kideei zuzenduta dago, eta eremuz eremu egiten ari diren lanaren bilgune gisa planteatzen dute Plaza Hutsa, «norabide bat ezartzeko asmoz».
Xabi Iraola Herrigintza lantaldeko arduradunaren hitzetan, pandemiak azaleratu eta bizkortu egin ditu aurretik zetozen aldaketak, eta, azken Kongresuan zehaztu zutenez, beharrezko ikusten dute garai eta erronka berrietara egokitzea. Iraolaren arabera, testuinguru konplexu horretan herrigintzak jokatu behar duen rolari garrantzia eman nahi diote, eta, horregatik, horri buruz hausnartu nahi dute.
«Estrategia independentista herrigintzatik nola elikatzen den hausnartu nahi dugu, eta alderantziz, herrigintza estrategia independentistatik nola josten den». Azken kongresuan zehaztu zuten «Euskal Herritik Euskal Herrirako nazio bulkada berri bat» beharrezko dela, eta Plaza Hutsean planteatu nahi dute «herrigintza aro berri bati» aurre egin behar zaiola.
Bi zentzutan planteatzen dute gogoeta hori. Alde batetik, gogoeta orokor gisa. Iraolaren arabera, XX. mende erdialdetik izandako aurreko herrigintza aroak ekarpen handia egin dio Euskal Herriari, baina «asko izan zuen erresistentziatik». Hala, haren ustez, «etorkizuna eraiki nahi duen herri batera igaro nahi bada», protestatik proposamenera egin behar da, erronken inguruan egun dagoen hondamendizko ikuspegi ezkor batetik itxaropenerako bidea egin, eta «esperantza elikatu».
Bestetik, sareen bidez antolatu nahi dute herrigintza aro berri hori, eta sare horien topagune gisa planteatzen dute Plaza Hutsa. «Ezker abertzalearen komunitatean eremu askotariko jendea dabil, interesagatik edo eremu batzuei garrantzia ematen dielako», azaldu du Lur Albizu Nafarroako Sortuko koordinatzaileak. Hala, kide horien elkargunea izango da Plaza Hutsa, eta eremu estrategiko horietan egindako gogoetak partekatu nahi dituzte Plaza Hutsean.
Euskara, hezkuntza, ekologismoa, feminismoa, lan eta bizi baldintzak eta migrazioa dira Sortuk estrategikotzat jotzen dituen eremu horiek. Albizuren arabera, dinamika horietako batzuetan urtetako ibilbide bat egina dute eta beste batzuetan hastapenetan dira, baina guztietan «norabide bat» ezarri eta partekatu nahi dute.
Labur, baina eremu bakoitzari buruzko ohar batzuk egin ditu Albizuk. Adibidez, azken hamarkadatan aurrerapen bat egon bada ere, erabileran «geldialdi bat» dagoela sumatzen dute. Horren adibide gisa, azaldu du Nafarroan D ereduaren eskaria %30ean dagoela aspalditik. Hala, hizkuntz politiketan beste aurrerapauso batzuk emateko garaia dela deritzote.
Aldaketa klimatikoa kezka handieneko gai bihurtu da; Euskal Herriko ekologismoaren barruan «proiektuei lotutako dinamika asko» daudela ikusten dute, eta «mugimendu ekologista sendo bat» behar dela Euskal Herrian. Feminismoan, erronka asko daude, baina bereziki azpimarra jarri nahi dute zaintzaren gain.
Hezkuntzan, iruditzen zaie trantsizio batean dagoela eta gogoeta egin behar dela zer urrats egin «euskal hezkuntza feminista, komunitario eta burujaberantz». Migrazioarena da eztabaidaren abiapuntuan dauden sare berrietako bat: «Nolako herria nahi dugun, nola egingo dugu Euskal Herri partekatu bat jatorri desberdinetako herritarrekin eta nola ulertzen dugun Euskal Herria eraiki behar dela». Mugimendu antirrazistarekin batera jorratu beharreko gaia dela deritzote.
Azkenik, pobretzea orokortzeko arriskua ikusten dute egungo testuinguru ekonomikoan. Albizuk uste du euren ardura kolektiboa ere badela «egoera zaurgarrienean direnei nola erantzun hemen eta orain, betiere eredu aldaketari lotuta».