Sortuk ekitaldia eginen du irailaren 29an, «nazio bulkada hauspotzen jarraitzeko»

Angel Otaegiren herrian eginen dute, Txiki eta Otaegi tirokatu zituzteneko 49. urteurrenean, preseski. «Askatasun ametsak eta irrintziak» bizirik dirautela adierazi dute.

2023ko Gudari Egunean Zarauzko hilerrian Txiki eta Otaegiren omenez egin zuten ekitaldia. GORKA RUBIO / FOKU
2023ko Gudari Egunean Zarauzko hilerrian Txiki eta Otaegiren omenez egindako ekitaldia. GORKA RUBIO / FOKU
Leire Casamajou Elkegarai.
2024ko irailaren 10a
12:00
Entzun

«Proiektu politikoa berretsi eta nazio bulkada hauspotzen jarraitzeko» ekitaldi bat eginen du Sortuk hilaren 29an. Azpeitian (Gipuzkoa) emana dute hitzordua, Soreasu antzokian, 12:30ean, Irrintzi bat dabil lelopean. Jon Paredes Manot Txiki eta Angel Otaegi tirokatu zituzteneko 49. urteurrenean eginen dute ekitaldia, non-eta Otaegiren jaioterrian. Hain zuzen ere, 1975eko irailaren 27an tirokatu zituzten, Francoren erregimenaren agindupean: «Ezker abertzaleko militanteak ziren, Euskal Herri aske eta justu baten alde borrokan zihardutenak. Horregatik hil zituzten, haiekin batera proiektu politiko bat eta komunitate konprometitu bat ere akabatuko zituztelakoan». Ekitaldi horren bidez, hain justu,  adierazi nahi dute «askatasun ametsak eta irrintziak» bizirik dirautela; are, haien ustez, «inoiz baino indartsuago dabil».

Ekitaldia Txiki eta Otaegiren gertakari historikoarekin lotu badute ere, zehaztu dute  ez direla «atzera begiratzeaz ari» baizik eta «bizirik eta indartsu dagoen komunitate baten proiektu politikoa berresteaz». Dinamika horri jarraikiz eramanen dute ekitaldia aitzina, hiru helbururekin: ezkerreko independentismoaren komunitatea biltzea, Euskal Herriaren askatasuna helburu duen proiektu politikoa berrestea, eta urte politikoak dakartzan erronketarako indarrak hartzea.

Azken hilabeteetan bide instituzionaletatik erdietsi direnak ere azpimarratu dituzte; erraterako, EH Bilduk eta EH Baik lortutako babesa eta hauteskundeetako emaitzak. «Euskal Herriak ultraeskuinari ateak itxi izana» ere goraipatu dute. Oinarri horietatik abiatuta aurreikusten dituzte aurtengo ikasturterako erronkak: «bizitzak erdigunean izango dituen Euskal Herri aske baterako bidean» sakondu nahi dute.

Borroka, ukabila irekirik

Ekitaldiko kartela Taxio Ardanaz artista iruindarrak sortu die, eta azaldu dute Teleforo Monzonek idatzitako Batasuna kantuan oinarritua dela; izan ere, hortik atera dute Irrintzi bat dabil leloa ere. Eta kartelaren irudiaren azalpenetan sartu dira: «Ukabil itxiarekin irudikatu izan da sarri borroka. Baina borroka, ukabil itxiak bezainbeste, esku irekiak ere badira», hala irudikatua dateke haien komunikazio kanpainan. Milaka militanteren «esku irekiei esker» egin baitu aurrera haien proiektu politikoak, erran dutenez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.