Sortuk «'lawfare' estrategia batekin» lotu du ongietorrien auzia

Altunak eta San Vicentek salatu dute «harreman politikoak zailtzea» dela halako auzien xedea. Larrartek azaldu du jurisprudentziaren arabera ez dela deliturik presoen harrera ekitaldietan.

Larrarte, azalpenak ematen, San Vicente eta Altuna alboan dituela. MAIALEN ANDRES / FOKU
Larrarte, azalpenak ematen, San Vicente eta Altuna alboan dituela. MAIALEN ANDRES / FOKU
Iosu Alberdi.
Donostia
2024ko ekainaren 4a
14:20
Entzun

Auzitegi Nazionaleko instrukzio epaile Manuel Garcia Castellonek apirilean itxi zuen euskal presoen harrera ekitaldien auziaren instrukzioa, eta jada argitaratu dira akusazio partikularren eta fiskaltzaren egindako zigor eskaerak. Horien berri izanda, Haimar Altuna eta Oihana San Vicente Sortuko kide eta auzipetuek salatu dute auzi hori politikoa dela, «lawfare estrategia» bati erantzuten diolakoan: «Justiziaren erabilpen politikoaren, hau da, lawfare-aren beste adibide bat da». Hala, sei auzipetuen abokatuak jada hasiak dira defentsa prestatzen: «Hemen ez dago deliturik».

Sortuko kideek gogoratu dutenez, zenbait ebazpenetan zehaztu izan da euskal presoen harrera ekitaldiak ez direla delitu, eta gaineratu dutenez, jada «iraganeko kontua» dira: «Urteak dira harrera ekitaldi publikorik ez zaiela egiten. Besteak beste, ezker abertzaleak jarrera eraikitzailea izan duten biktimen ahotsa eta iritzia jaso dituelako». Hala, uste dute auziaren atzean helburu politikoak daudela; zehazki, bi helburu. 

Auzipetuek salatu dute «bloke erreakzionarioa eta estatu sakona aurrera eramaten ari diren ofentsibaren» barruan dagoela auzia. «Kriminalizazioaren eta errepresioaren bidez, giroa gaiztotu nahi dute, eta harreman politikoak zaildu», zehaztu du Altunak. Horrek, Sortuko kidearen ustez, Espainiako Gobernua «erortzea» du xede, horrekin batera «irekita dagoen aukera leihoa» itxi dadin: «Ez dute gustuko langile sektoreen eskubide sozialetan aurrera egitea eta, bereziki, ez dute gustuko Espainiako Estatuaren demokratizazioari eta, horren barruan, nazioen aitortzari ekiteko aukera egotea». Era berean, Altunak azaldu du aurre egin nahi dietela Euskal Herrian bakearen eta elkarbizitzaren alde egindako ahaleginei, gizartea «iraganeko logiketan iltzatuta» gera dadin: «Antza, uste dute errentagarriagoa zitzaiela».

«Kriminalizazioaren eta errepresioaren bidez, giroa gaiztotu nahi dute, eta harreman politikoak zaildu».

HAIMAR ALTUNA Sortuko kidea eta auzipetua 

Horren harira, Sortuko kideek zehaztu dute ezker abertzaleak, euskal gizarteak bezalaxe, urratsak egiten jarraituko duela «elkarbizitza eta bakea eraikitzeko», eta «preso, iheslari eta deportatu politikorik» eta «sufrimendurik» gabeko etorkizun bat ezartzeko. Hala, gainerako eragileei dei egin diete, ez ditzaten barneratu «eskuin erreakzionarioaren markoak»: «Elkarbizitza ez da lehiarako elementua, guztion artean eraikitzen den zerbait baizik».

«Kausa orokor bat»

Altunaz eta San Vicentez gain, Garcia Castellonek eta fiskaltzak Oihana Garmendia, Kai Saez de Egilaz, Antton Lopez Ruiz eta Felipe San Epifanio ere auzipetzearen alde egin dute, 2016 eta 2020 artean egindako «ongietorriengatik». Fiskaltzak, zehazki, bost urte eta zazpi hilabeteko zigorrak eskatu ditu, baita ekitaldietarako materiala konfiskatzea, eta Kalerainfo aldizkaria eta hari lotutako zenbait sare sozial ixtea, besteak beste. Auzipetuek, baina, hedabideetara egindako filtrazioen bidez izan dute erabaki horren berri, ez baitute jakinarazpen ofizialik jaso, Aiert Larrarte abokatuak kritikatu duenez: «Ez da elegantea, ezta legezkoa ere». 

Gainera, fiskaltzaz gain, beste hiru akusazio partikular daude: Dignidad y Justicia eta AVT elkarteak, eta Alderdi Popularra. Hirurek egin dituzte zigor eskaerak sei auzipetuentzat. Dignidad y Justiciak eta PPk sei urteko zigorrak eskatu dituzte «gaizkile erakunde bateko» kide izateagatik, eta bi urte eta zortzi hilabetekoak «biktimen umiliazio eta gorazarre delitu jarraituengatik». AVTren kasuan, bigarren delituagatik eskatutako zigorrak hiru urtekoak dira. 

Horiek hala, abokatuak fiskaltzaren akusazioa jaso zain daude defentsa idazkia prestatzeko. Hartan adieraziko dute ez dela deliturik egin, Larrartek azaldu duenez. Izan ere, salatu du «kausa orokor baten barruan» sartu nahi izan dituztela euskal presoei egindako harrera ekitaldi guztiak: «Delitua moldatuz eta biktimen umiliazioa kontzeptu juridiko bihurtu nahian». Horretarako Guardia Zibilaren txosten bat baliatu dutela azaldu du, non Poliziak «estrategia politiko, biolento eta kriminal batekin» lotu zituen ongietorriak. Larrartek gogoratu du, baina, aurrez zenbait elkartek halako ekitaldien kontra «banan-banan eta sistematikoki» jarritako salaketa guztiak «automatikoki» artxibatu zirela.

Hala, argudiatu du, «gauzak gutxiago edo gehiago gustatu», ez dagoela auzi horretan deliturik egiaztatzerik, eta azaldu du sei ikertuek Espainiako Auzitegi Nazionalak berak, Auzitegi Gorenak eta Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ezarritako jurisprudentziaren mugen barruan jardun zutela: «Are gehiago, jurisprudentziak delitu hau ezabatzera bideratzen ditu tribunalak». Era berean, azaldu du halako delituak egoteko ezinbestekoa dela «biolentzia adierazpenak» egotea, eta auzi horretan ez dagoela halakorik.

Abokatuak, baina, auziak berak izandako bilakaerari ere erreparatu dio. Harrabotsa eragin duten beste zenbait erabakirekin batera ─epailearen eta fiskalaren arteko ika-mika tarteko─, Larrartek gogoratu du instrukzioan «alderdi politiko jakin baten» ─Sorturen─ eta «mugimendu herritar hainbaten» jarduerak zelatatu direla ─besteak beste, Sare Herritarrarenak─. «Telefonoak kontrolatu, mezuak atzeman, dokumentazioa atxiki, web orriak itxi...», azaldu du Larrartek. Abokatuak adierazi du adierazpen askatasuna dagoela jomugan: «Alderdi politiko baten enegarren kriminalizazio ahalegina». Eta auzia ez du salbuespentzat jo: «Adierazpen politiko disidenteak delitu bihurtu nahi izan dira. Nahi izan dira, eta bihurtu dira: partikularrak, txiolariak, kantariak edo titiriteroak ikertu, atxilotu, epaitu eta, kasu batzuetan, kondenatu dira».

«Bakearen aurkako operazioa»

EH Bilduk, berriz, «atzera egiteko» eta bakearen aldeko urratsak «oztopatzeko» xedea kritikatu du: «78ko erregimena arriskuan dagoela uste duten sektore politiko, judizial eta polizial guztiak daude bizikidetzaren eta bakearen aurkako operazio argi horren atzean». Argudiatu du Guardia Zibilaren eta Garcia Castellon epailearen rola direla horren erakusgarri. 

Koalizio subiranistak salatu du halako praktikak ez direla berriak Euskal Herrian, baina eskatu dute nabarmentzeko herritarren gehiengoaren erabakia «argi eta garbi» adierazi dela: «Bakearen eta bizikidetzaren arloan urratsak egiten jarraitzea». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.