Sortuk hilaren 22an emanen dio akabera hirugarren kongresuari, itxiera batzarrarekin, eta alderdiak nahi du «indarrak batu eta independentziarako konpromisoa berresteko unea» izan dadila Bilboko Bizkaia frontoian eginen duten ekitaldia. «Askapen prozesua azkeneraino» eraman nahi dutela erakutsiko dute han: «Izan ere, Herrigaia ponentzia osatu eta eztabaidatzean, Sortuk herri hau independentziara eramango duen motorra zorrotz aztertu eta prest utzi du», adierazi du gaur alderdiak ohar baten bidez.
Kongresu bukaerako batzar horretan jakinaraziko dituzte Nazio Kontseilua eta Nazio Idazkaritza berria osatuko dituzten kideen izenak, baita Berme Batzordekoak eta Kontu Batzordekoak ere. Horiek guziak urtarrilaren 19tik 21era bozkatuko dituzte akreditaturiko militanteek, telematikoki.
Sortuk adierazi duenez, bertzalde, «komunitatea elkartu eta Herrigaia ponentzian jasotako erronka nagusiak eta hurrengo urteetarako asmoak partekatzeko unea» izanen da urtarrilaren 22koa. Jakinarazi dutenez, izan ere, kongresu prozesua bukatuta, «aldaketa politiko eta sozialerako borroka indartzea» izanen da Sorturen datozen hilabeteetako helburua: «Independentziarako indarra metatzea izango da xedea; batetik, aldaketa politiko eta soziala bilatzen duten eragileekin elkarlana eta aliantzak bilatuz; bestetik, herritarrekin batera mobilizazio eta ekimenetan aktibo izanez; eta azkenik, ezker abertzaleko kidegoa esparru ezberdinetan aktibo bilakatuz».
Gonbidatu ugari
Sortuko militanteak ez ezik, nazioarteko hainbat gonbidatu ere izanen dira kongresu bukaerako ekitaldian: Kataluniatik CUP eta ERC, Galiziatik BNG, Europatik PIEko presidentea, Irlandatik Sinn Fein, Korsikatik Corsica Libera, Uruguaitik MPP, Kolonbiatik Comunes, Saharatik Frente Polisarioa, eta Palestina eta Kurdistango ordezkariak joanen dira.
Sortuk jakinarazi duenez, bertzalde, «praktika feminista garatzeko urrats berriak egiteko erronkak» isla izanen du ekitaldian: «Duela lau urte Plan Feminista osatzeko eta martxan jartzeko konpromisoa hartu genuen. Hala egin dugu, eta norabide horretan kongresu hau baliatu nahi izan dugu urrats kualitatiboak emateko».
Ziurtatu dute Bilboko ekitaldian koronabirusaren aurkako osasun neurri guztiak beteko dituztela, «zorroztasunez».