Egungo koiuntura politikoaz eta herrigintzaz hausnartzeko parada izan dute gaur Sortuko kideek Durangon. Plaza Hutsa ekimenarekin bat egin dute 400 lagun inguruk, eta aukera baliatu dute, besteak beste, «euskal sozialismoaren oinarriak gaurkotzeko» gogoetaren zirriborroa aurkezteko, hura ziklo politiko aldaketara egokitzeko.
Ikusi gehiago
Xabi Iraola Sortuko herrigintza arduradunaren esanetan, «garai politiko berezian» heldu dio alderdiak aurtengo Plaza Hutsa ekimenari. Izan ere, uste du «askapen prozesuan urratsak egiteko» testuinguru egokia dela egungoa Euskal Herri osoan. Batetik, adierazi du Espainiako Gorteetan martxan den legealdian «nazio auziaren eztabaida erdigunean» kokatuko dela, eta horrek «aukerak zabalduko» dituela Hegoaldean auzi horren inguruko pausoak emateko. Bestetik, Ipar Euskal Herriari erreparatuz, azaldu du talde abertzaleek zein Jean Rene Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariak «etapa instituzional berri baten» beharra nabarmendu dutela.
Hori guztia ziklo politikoaren aldaketa betean iritsi da, Sortuko kidearen iritziz. Izan ere, adierazi du badirela Euskal Herrian aldaketa hori gauzatzen ari dela adierazten duten sintomak. EAJri eta UPNri erreferentzia eginez, «hegemonikoak izan diren proiektu politikoak» herritarrekin «konektatzeko» duten gaitasuna galdu dutela iritzi dio, eta, kontrara, ezker independentistaren hazkundea «iraunkorra» dela.
Horiek horrela, Iraolak indar egin du herrigintzan. Argudiatu du «aldaketaren aldeko herri gogoa oso sendo» dagoela. Eta herritarrak horra batzeko urratsak egitea jarri du helburutzat. Horretarako, beharrezkotzat jo du «aldaketa posible dela» sinestea, eta egingarriak diren eraldaketei heltzea zein egungo erronkei erantzuteko proposamenak berritzea. «Euskal Herria ez dago salbu eskuin muturraren agendaren eraginetik. Baina, gurean, distopiatik urruntzeko borrokatik baino gertuago gaude utopiarantz garamatzan bidetik».
Era berean, aldaketa nahi hori instituzioetan ere islatu behar dela azaldu du, eta gehitu horretarako aukera emango dutela Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeek: «Gure ustez, EH Bildu da aldaketa gogo hori ordezkatzen duen aukera politikoa».
Proposamen gaurkotua
Ekimenean, Sortuko kideek euskal sozialismoa gaurkotzeko gogoetari ere heldu diote, afera horren gaineko zirriborroa aurkeztuta. Azaldu dutenez, «ekonomia ekologikoa eta feminista» dira horretarako bidelagun. Hala adierazi du Kizkitza Gil de San Vicente Sortuko ekintza politikoko arduradunak: «Sozialismoaren inguruko gogoeta gaurkotu nahi dugu eta sozialismorako ibilbideaz, trantsizioaz pentsatu. Interkomunikatua den mundu honetan egin nahi dugu, Euskal Herritik eta krisi anizkoitzaren testuinguruan». Bide horretan, Iratzar fundazioko kide Joseba Permachek indar egin du «burujabetza material eta estrategikoan», auzi energetikoari erreparatuta.
Azken kongresuan, alderdi independentistak zazpi eremu estrategiko zehaztu zituen: euskara, ekologia, feminismoa, hezkuntza, kultur aniztasuna, etxebizitza eta herrigintza eraldatzailea. Horiek hizpide izan dituzte gaur Durangon egindako tailerretan; besteak beste, zaintza eskubidea, etxebizitzaren arazoa, ekonomia sozial eta ekonomia soziala jorratu dituzte. Era berean, euskara biziberritzeko «jauzi baten beharra» ere nabarmendu dute.
Azaldu dutenez, migrazioaren inguruko alderdiaren gogoeta estrategikoaren «lehen mugarria» ere ezarri dute gaur: «Inoizko Euskal Herririk pluralenean bizi gara jatorriari eta kultur aniztasunari dagokionez, eta hori herri eraikuntzaren prozesuan aukera bezala ikusten du Sortuk».