Sortuk ez du onartuko estatuaren indarkeria «zuritzeko» egitasmorik

«Errelatoen aniztasuna» aldarrikatu du Arkaitz Rodriguezek, Txikiren eta Otaegiren omenaldian. Gudari Egunaren harira, ekitaldiak egin dituzte

Juan Paredes Manot 'Txiki'-ren ama eta Sortuko Arkaitz Rodriguez, elkar agurtzen, Zarautzen, atzo. JON URBE / FOKU.
jokin sagarzazu
2018ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Euskal gatazkari buruzko kontakizunen aniztasuna aldarrikatu du Sortuko idazkari nagusi Arkaitz Rodriguezek, Gudari Egunaren harira eginiko adierazpenean, eta azpimarratu du ezker abertzaleak ez duela onartuko estatuen indarkeria «zuritzeko» egitasmorik, 1977ko Amnistia Legearekin bezala. Rodriguezek ohartarazi du 40 urte geroago batzuek «gisa horretako beste lege bat» egiteko asmoa dutela, «estatuak eragindako krimenak berriz ere zigorrik gabe uzteko, gatazkaren konponbideari irtenbide justu eta iraunkor bat eman beharrean».

Hala, eta zeharka bada ere, Eusko Legebiltzarrean berriz eztabaidatzekoa den estatu indarkeriaren biktimen legea aipatu du. Pedro Sanchezen gobernuak (PSOE) kendu du Mariano Rajoyrenak (PP) Auzitegi Konstituzionalean jarritako helegitea, eta proposamen berri bat aurkeztekoa da Jaurlaritza. Biktima horien aitortza eta erreparazioa du xede legeak, baina gobernuak jakinarazi du horretan jardungo duen batzordearen zeregina ez dela izango giza eskubideen urraketen egileak identifikatzea, kasuak epaituta ez badaude.

Urtero legez, hainbat tokitan gogoratu zituzten atzo Franco diktadorea hil baino bi hilabete lehenago fusilatutako Juan Paredes Manot Txiki eta Angel OtaegiETAko kideak eta FRAPeko Jose Humberto Baena, Jose Luis Sanchez Bravo eta Ramon Garcia Sanz. Ahaztuak elkarteak eta Txikiren senideek Zarauzko hilerrian (Gipuzkoa) han dago lurperatuta— eginiko omenaldian izan zen Sortuko idazkari nagusia, eta, harekin batera, Arnaldo OtegiEH Bilduko koordinatzaile nagusia, besteak beste. Rodriguezek esker hitzak izan zituen «faxismoaren aurka eta gure herriaren askapen sozial eta nazionalaren alde borroka egin zuten ehunka eta ehunka euskal herritarrentzat».

Baina, bereziki, euskal gatazkaren kontakizunaren eztabaidari heldu zion Sortukoak. «Batzuek sinetsarazi nahi digute herri honetan ez dela gatazka politikorik egon, herri honetan ETAren indarkeria baino ez dela existitu, etakideak terrorista hutsak zirela edo geure imajinazioan baino ez direla existitzen milaka pertsona torturatuak edota estatu indarkeriak hildakoak». Rodriguezek azpimarratu du ez dutela hori onartuko, «ez duelako zerikusirik benetan gertatu denarekin eta horrelako errelato batekin ezin delako bakea eta bizikidetza eraiki».

Zarauzkoaz gainera, hainbat ekitaldi egin ziren atzo Gudari Egunaren harira. Arratsaldean, adibidez, Nuarbeko hilerrian (Azpeitia, Gipuzkoa) lore eskaintza egin zuten Otaegiren omenez.

Debekua Iruñean

Iruñean, berriz, «terrorismoa goratzea» dela ebatzita, Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkari Jesus Arastik debekatu egin zuen bost fusilatuen omenez arratsaldean egitekoa zen ekitaldi bat. Ahaztuak-ek adierazi du «faxismoaren aurka borrokatu zirenak» omentzekoa zela, ez besterako. «Francoren ingurukoek lotutako trantsizioaren ondorioak dira hauek, zeinak biktimatzat dituen Meliton Manzanas eta Carrero Blancoren gisako zerbitzari frankistak, eta, aldiz, hiltzailetzat hari aurre egiteagatik fusilatutakoak».

AEM Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak ere salatu du debekua. «Horrek argitasunez erakusten digu orain 43 urte agintzen zuten botere faktikoak eta gaur agintzen dutenak berberak direla». AEMk mobilizazioak deitu zituen atzo arratsalderako Donostian eta Bilbon, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.