Sortuk ez ditu «gutxiengo biziak» asebeteko, «gehiengo nazionalak eraiki» baizik

Sortuk Nazio Konferentzia egin du Agurainen (Araba), eta Arkaitz Rodriguez idazkari nagusiak ziurtatu du alderdi abertzaleak «berebiziko urratsa» egin duela «hegemonia subiranista eta aurrerakoia eraikitzeko bidean», eta «sakabanaketa amaitu» duela.

Arkaitz Rodriguez idazkari nagusia, Sorturen Nazio Konferentzian. BERRIA
Arkaitz Rodriguez idazkari nagusia, Sorturen Nazio Konferentzian. BERRIA
xabier martin
2024ko ekainaren 22a
15:30
Entzun

«Azken urteotan asko aurreratu dugu bai herri gisa bai mugimendu gisa», esan die alderdikideei Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiak gaur, Agurainen (Araba), alderdiaren 7. Nazio Konferentzian, eta hiru lorpen nabarmendu ditu. Batetik, ziurtatu du «aukera leihoa» esaten dioten hori «zabalik iraunarazi eta Espainiako Estatuaren lurralde ereduaren gaineko eztabaida irekitzea lortu» dutela, burujabetzaren bidean «jauzi bat egiteko parada» sortuta. Ipar Euskal Herriari ere erreparatu dio: «Gatazkaren ondorioak konpontzeko prozesu eta artikulazio ezin emankorrago baten eskutik, beharrezko baldintzak sortu ditugu aitortza politiko-instituzionalaren bidean beste urrats bat egiteko».

Bestetik, gogoratu du ezkerreko subiranismoak «inoizko emaitzarik onenak» lortu dituela iragan berri den hauteskunde zikloan. «Eta, beraz, emaitzok erakutsi bezala, berebiziko urratsa egin dugu hegemonia subiranista eta aurrerakoia eraikitzeko bidean», jakinarazi die biltzarkideei.

Azkenik, espetxe politikari erreparatu dio, «gizartearen gehiengo zabal baten urte luzetako borroka nekaezinari esker dispertsioa amaitu» delako, Rodriguezen hitzetan. «Salbuespenezko espetxe politika arrakalatu dugu, estatuen biolentziaren biktimen diskriminazio historikoa amaitzen hasi gara eta, horrekin guztiarekin, aurrerapauso erabakigarriak egin ditugu bakearen eta elkarbizitzaren eraikuntzan». Besarkada bat eta esperantza mezu bat bidali dizkie presoen senideei, estatuen indarkeriaren biktimei, eta baita euskal gizarte guztiari ere: «Bakearen etsaiak boteretsuak dira, bai, baina ez garaiezinak», erantsi du.

(ID_14004741) (Jagoba Manterola/@FOKU) 2024-06-21, Agurain. SORTU
Sorturen Nazio Konferentzia, Agurainen. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Azken urteotan osatuz joan den agertoki horri begiratuta, ondorio batzuk atera ditu Sortuko idazkari nagusiak. Alderdiaren estrategiaren «eraginkortasuna» azpimarratu du. «Gauzak ongi doazkigu, irakurketa zuzenak egin ditugulako eta aldatu behar zen guztia aldatzen asmatu dugulako», ziurtatu du. Gaineratu du Sortuk asmatu duela «konfort eremutik» ateratzen, eta «ausardiaz jokatu» duela; alderdiak printzipio gidari bat izan ei du urteotan: «Lehenik aberria, eta gero alderdia».

Erabakiak eta kontraesanak

Ondorio horrekin batera, beste bat harilkatu du: «Instituzioetan egindako lanak bezainbesteko zeresana izan du kaleko bulkadak». Rodriguezek Sorturen «aitortza eta elkartasuna» helarazi dio Ernairi, «jasan berri duen eraso ekonomikoa dela eta». Batera edo bestera, Sortuko buruak uste du alderdi abertzalea «beste liga batean jokatzen» ari dela jada, eta abisu bat eman du ardurekin eta kontraesanen kudeaketarekin loturik. «Luze gabe, ondo bidean, erabaki garrantzitsuak hartu beharko ditugu, erabaki zailak kasu batzuetan, eta beste kontraesan batzuk kudeatu beharko ditugu». Zenbait arrasto eman ditu erabaki horien nondik norakoei buruz, Uruguaiko Tupamaroen esan bati erreparatuta: «Gure zeregina ez da gutxiengo biziak asebetetzea: gure zeregina da gehiengo nazionalak eraikitzea».

Gehiengo nazionalak eraikitzeko bidean aurrera eraman beharreko zeregin batzuk ere aletu ditu Rodriguezek: Zehaztu du Sortuk, «inoiz baino gehiago», «aintzat» hartu beharko dituela gehiengo sozial zabalen «nahi eta beharrak». Gainera, «beste indar politiko, sozial eta sindikalekin eskuz esku» aritu beharko dutela erantsi du, eta «apaltasuna, herri sena, eskuzabaltasuna, leialtasuna eta, bereziki, konpromisoa» eskatu dizkie alderdikideei, betiere gehiengo nazional horren alde jarduteko.

«Espainiako Estatuko aukera leihoa ezin da alferrik galtzen utzi; ezin dugu biribilguneari bueltaka jarraitu».

ARKAITZ RODRIGUEZSortuko idazkari nagusia

Horiek horrela, Sorturen hiru erronka nagusiak ekarri ditu hizpidera Rodriguezek: «Burujabetza nazionala berreskuratzea, EH Bildu eta EH Bai are gehiago indartzea, eta nazio bulkada berria sustatzen jarraitzea». Lehenaren inguruan, adierazi du «estatus politiko berri bat» behar dela «EAEn, Nafarroa Garaian eta Ipar Euskal Herrian». «Espainiako Estatuko aukera leihoari» dagokionez, ohartarazi du ezin dela «aukera hori alferrik galtzen utzi». «Ezin dugu biribilguneari bueltaka jarraitu», erantsi du. Eta beste alderdi, sindikatu eta indar sozialei eskatu die «ahots bakarrarekin mintzatzeko Madrilen aurrean».

«Herria askatu arte»

EH Bildu eta EH Bai hizpide hartuta, esan du «egunetik egunera» hazten ari direla, baina gako bat azpimarratu du bide horri eusteko: «Ezkerreko subiranismoak albait instituzio gehien gobernatu behar ditu, eta ondo gobernatu behar ditu, alegia, langile eta herri sektoreen zerbitzura jarrita». Nazio bulkadari dagokionez, Rodriguezek zehaztu du Euskal Herriak «jauzi bat» egin behar duela «burujabetzaren bidean», baina baita «lurralde artikulazioan, politika publikoetan eta, oro har, nazio eraikuntzan» ere.

Bukatzeko, Sortuko idazkari nagusiak gogoratu du datorren urtean beteko direla 50 urte Txiki eta Otaegi fusilatu zituztenetik. «Herri hau XXI. mendeko hirugarren hamarraldi honetaraino zutik eta bizirik iritsi baldin bada, orduko belaunaldiak hura bizkarreratu zuelako eta frankismo betean pizkunde nazional eta kultural bat martxan jarri zuelako iritsi da. Bada, orain guri, egungo belaunaldioi dagokigu herri hau bizkarreratu eta aipatu nazio bulkada berria martxan jartzea. Orain guri dagokigu, orduko haiek egin zuten bezala, geure buruari agintzea: ez dugu etsiko herri hau askatu arte; ez dugu etsiko euskal estatu independente, sozialista, feminista, ekologista eta euskalduna lortu arte».

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.