Sortuk espero du Sorzabalen torturen inguruko ebazpena «mugarria» izatea

Alderdiaren esanetan, «milaka» Iratxe Sorzabal daude Euskal Herrian, eta haiek aitortza eta erreparazioa eskuratzeko lan egin behar da.

Sorzabal etxeratzea eskatzeko mobilizazio bat. GORKA RUBIO / FOKU
Sorzabal etxeratzea eskatzeko mobilizazio bat. GORKA RUBIO / FOKU
Iosu Alberdi.
2025eko maiatzaren 9a
12:15
Entzun 00:00:0000:00:00

Iratxe Sorzabalen kasuan emandako ebazpenean, Espainiako Auzitegi Nazionalak frogatutzat jo du hura torturatu egin zutela, molde horretako bere lehen epaian. Hala, Sortuk espero du erabakia «mugarria» izatea torturatuen aitortzarako eta erreparaziorako bidean. Izan ere, alderdi horren arabera, tortura sistematikoki aplikatu da Euskal Herrian, eta horren ondorioei erreparatu beharra dago: «Milaka Iratxe daude Euskal Herrian».

Auzitegi Nazionalak atzo argitaratutako ebazpenean, zehazten da Sorzabal torturatu egin zutela deklaratzera behartzeko asmoz, eta ondorioz ezin direla froga gisa onartu orduan adierazitakoak. Sortuk, baina, gogoratu du torturen eraginpean egindako autoinkulpazio horietan oinarrituta zigortu izan duela auzitegi berak Sorzabal, eta horregatik dagoela orain espetxean. 

Are gehiago, torturaren erabilera sistematikoari erreparatu dio, eta horren adibidetzat jarri du Kriminologiaren Euskal Institutuak egindako lana. Institutu horrek 5.394 tortura kasu erregistratu ditu azken urteetan egindako ikerketetan. «Eta, jakina, askoz gehiago ere izan dira», gehitu du alderdiak. 

Hain zuzen, Sorturen esanetan, tortura posible izan da haren inguruan sistema oso bat eraiki delako: «Ez ikusiarena egin da sistematikoki, ezkutatu egin da sistematikoki». Hala, torturak eragin dituzten polizien gain ez ezik, haien arduradun politikoen, alderdien, epaileen, auzitegi medikuen eta komunikabideen gain ere jarri du gertatutakoaren ardura, «konplize» izan direlako.

Haiei guztiei eskatu die gertatutakoaren erantzukizuna euren gain hartzeko: «Tortura aitortu behar da, eta erreparaziorako urratsak egin behar dira». Horren parte da, Sorturen esanetan, torturaren ondorioei heltzea ere: batetik, torturaren biktimek jasandako ondorio psikologikoei; bestetik, torturapean egindako autoinkulpazioetan oinarritutako zigorrei. Era berean, adierazi du tortura ez errepikatzeko bermeak ezarri behar direla, eta gehitu inpunitatea amaitu behar dela horretarako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.