Sortuk dio kontuan hartzen dituela «fede onez» eginiko eskaerak

Arkaitz Rodriguezek azaldu du ezker abertzaleak «bere esku dagoena» egingo duela biktimen eskaerei erantzuteko.

Arkaitz Rodriguez, Radio Euskadin, gaur goizean. @BOULEVARDEITB
Iosu Alberdi.
2021eko urriaren 22a
11:39
Entzun

Ezkerreko independentismoak «bere esku dagoena» egingo du ETAren biktimen eskaerak asetzeko, eta, euskal presoen harrera ekitaldien kasuan, jarrera ez da «ezberdina» izango. Hala azaldu du Sortuko idazkari nagusi Arkaitz Rodriguezek. Haren hitzetan, «zubiak eraikitzea» da helburua, «aurrera egiteko».

Rodriguezek Radio Euskadin azaldu du ezker abertzalea biktimen sufrimendua arintzeko lanean aritu dela azken hamar urteetan, eta horren adibidetzat jo du Urriaren 18ko Adierazpena. Hala, azken egunetan esandakoen bide beretik, nabarmendu du kontuan hartzen ari direla «jarrera eraikitzailearekin eta fede onez» egindako eskaerak: «Ziurtatu dezaket ezkerreko independentismoa ez dela albo batean geratuko eta ez dela soraio izango eskaera horiekiko. Bere esku dagoena egiten saiatuko da eskaerak asetzeko». Testuinguru horretan, aipatu du gaiaz hausnartzen ari direla.

Hainbat alderdik eginiko «autokritika» eskaeren aurrean, berriz, Sortuko idazkari nagusiak azaldu du horretarako prest dagoela, eta hala egin duela azken urteetan: «Ezker abertzaleak bere unean egin zuen imajina daitekeen autokritikarik handiena: ETAren indarkeria euskal politikaren ekuaziotik kanpo uztea izan zen». Halere, uste du hainbat eragilerentzat sekula ez direla nahikoa izango eman ditzaketen pausoak: «Sinpleki, ez dutelako nahi hala izatea».

Asteleheneko adierazpenaren inguruan, Rodriguezek uste du herritarren artean «alaitasun orokor bat» eragin duela, eta horren lekuko direla «eragileen gehiengo handi baten» erantzunak. Kontrakoa adierazi dutenei, berriz, haserre horren arrazoiak plazaratzeko eskatu die, «ulertezintzat» jo baitu haien jarrera. Tartean daude EAJ eta Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkullu. Haiei dagokionez, Sortuko idazkari nagusiak azaldu du ez zaiola «buruan sartzen» nola egin dezaketen bat PPrekin, Ciudadanosekin eta Voxekin, «bakea eta elkarbizitza eraikitzeko oztopoak jartzen dizkietenekin».

Izan ere, Sortuko buruaren hitzetan, adierazpenaren «zintzotasuna» zalantzan jarri dutenak ETAren behin-betiko su-etena, armagabetzea eta disoluzioa dudan jarri zituzten berberak dira. «Gizarteak aurrera egin nahi du, elkarbizitza demokratiko bat, eta bake egonkor eta iraunkor bat eraiki nahi du. Ez genioke faborerik egingo herriari bakearen etsaien agenda elikatuko bagenu», gehitu du. Hala nola azken egunak «EH Bilduri, baina baita PSEri, EAJri eta [Espainiako presidente Pedro] Sanchezen gobernuari erasotzeko» erabili izana leporatu dio PPri.

Aurrekontuen eztabaida

EH Bilduko koordinatzaile Arnaldo Otegik koalizioko militanteen aurrean eginiko hitzei erreferentzia eginez, Rodriguezek esan du ez duela «burbuila elikatzen» lagundu nahi. «Inor ez du harrituko EH Bilduk bere lehentasunen artean izateak salbuespenezko espetxe politikaren amaiera», azaldu du. Hura oinarrizkotzat jo du elkarbizitza eraikitzeko, eta herritarren gehiengoak babesten duen zerbait dela gehitu.

Halere, adierazi du EH Bilduk ez duela asmorik Espainiako aurrekontu orokorrak presoen etorkizunarekin nahasteko, «ezta hipotesi gisa ere». Haren hitzetan, «giza eskubideekiko errespetua» ez litzateke negoziazio parlamentarioarekin lotu beharko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.