Sortuk dei egin die erakundeei legea «justua» ez bada bete ez dezaten

Erkorekak erantzun du ez dela onargarria Sortuk legea betetzea eta gainerakoei eskatzea kontrakoa egiteko

Pernando Barrena eta Amaia Izko Sortuko bozeramaileak, atzo, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
edurne begiristain
2013ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Sortuk dei egin die euskal erakundeei Espainiako auzitegiek ezarritako legeak «justuak» ez direla uste dutenean bete ez ditzaten. Ertzaintzak Urtza Alkorta atxilotu izana kritikatu dute Pernando Barrena eta Amaia Izko Sortuko kideek, eta Iñigo Urkullu lehendakariak auzi honetan duen ardura nabarmendu dute. Haien ustetan, lehendakariak Alkortaren atxiloketan erakutsitako jarrera «laua, etsigarria eta zerbitzaria» izan da. «Legeak justuak iruditzen ez zaizkionean, gobernatzaile baten eginbeharra, duintasunarekin, horiek ez betetzea da», esan du Barrenak, eta salatu du Urkulluk ez duela hori egin.

Halako atxiloketek ez dute tokirik abagune politiko berrian, Sortuko kideen arabera. «Ondarroan gertatutakoa beste egoera batzuetan ere salagarria izango litzateke, baina egoera politiko berri batean gauden heinean, are gehiago, eta herritarren artean izua zabaltzeko egiten dute soilik». Hala, Urkulluri galdetu diote ea EAJk planik duen etorkizunean arrazoi politikoak dituzten atxiloketa gehiago gerta ez daitezen.

Izkok azpimarratu du Sortuk desobedientzia zibil baketsuaren alde egiten jarraituko duela, eta dei egin die justizian sinesten duten herritarrei, «gehiegikeriak» salatzen jarrai dezaten. Ondarroan sortutako herri harresia horren adibide dela uste dute Sortuko kideek. Adierazi dutenez, Alkortaren atxiloketan agerian geratu zen nork erabiltzen duen indarkeria «bidezkoa ez den erabaki judizial bat inposatzeko» eta nork egin zion aurre «duintasunarekin eta erresistentzia pasiboarekin».

Jaurlaritzaren kritika

Sorturi erantzun dio Eusko Jaurlaritzak, Josu Erkoreka eledunaren bitartez. Erkorekak salatu du ez dela onargarria,«inondik inora», Sortuk legea betetzea eta erakundeetan egotea, eta gainerako alderdiei eta instituzioei eskatzea «desobedientzia» praktikatzeko. Eta, adibide bat jarriz, gogoratu du ezker abertzaleak agintzen duen udaletxeetan Espainiako bandera jarri behar izan dutela, legeak hala eskatzen diolako.

Jaurlaritzako eledunaren iritziz, ezker abertzalearen jarrerak agerian uzten du «tentsio estrategia» batean dagoela, bere militanteen aurrean oraindik «bizirik» dagoela erakutsi nahi duelako. «Gainerakoei eskatzen diotena euren buruari eskatu beharko liokete, eta iraganeko jarrerak atzean utzi», esan du.

Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidenteak ere Alkortaren atxiloketa eragozteko eraikitako herri harresia izan du hizpide. Haren ustez, «ez da harresiak eratzeko garaia, horiek botatzekoa baizik». Halaber, esan du bakegintzan eta normalizazioan aurrerapausoak emateko sasoia dela. «Protesta baketsuak ongi etorriko dira, eta nahiago nuke iraganean ere ideia politikoak modu baketsuan defendatu izan balituzte», adierazi du. Ertzaintzak bere zeregina bete duela azpimarratu du Tejeriak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.