DEPORTATUAK

Sortuk «berehalako urratsak» eskatu ditu «deportazioaren zentzugabekeria» buka dadin

Ekitaldia egin dute Azkoitian, Txetxu Urteaga deportatu politikoa Venezuelan hil zela bi urte pasatu direla. Salatu dute «deserrian abandonatutako» euskal herritarrek ez dutela «euskarri legalik». Gaur egun zortzi euskal deportatu eta 25 iheslari daude.

Haimar Altuna Sortuko kidea, gaur, Azkoitian. BERRIA
maddi ane txoperena iribarren
2022ko apirilaren 30a
14:15
Entzun

Bi urte pasatu dira Jesus Ricardo Urteaga Txetxu euskal deportatua Venezuelan hil zela, eta Sortuk ekitaldi politikoa egin du gaur Azkoitian (Gipuzkoa), Urteagaren sorterrian. Salatu dute oraindik ere «konpondu gabe» dagoela duela lau hamarkada Espainiako eta Frantziako gobernuek sortutako «arazoa», eta «berehalako urratsak» galdegin dituzte «deportazioaren zentzugabekeria behingoz» buka dadin.

Haimar Altuna Sortuko kideak ohartarazi du «deserrian abandonatutako» pertsona horiek ez dutela euren burua defendatzeko eskubiderik ez euskarri legalik ere. Datuak ere eman ditu: «Oraindik zortzi euskal deportatu politikok jarraitzen dute sakabanatuta munduan barrena, inolako babes juridikorik gabe». Horiez gain bertze 25 euskal iheslari daude, eta Altunak nabarmendu du ezin direla «ahaztu». Urratsak egiteko garaia dela aldarrikatu du Sortuko eledunak: «Preso, iheslari eta deportatu politikoak etxera bidean jartzeko salbuespen neurriek bertan behera gelditu behar dute». Euskal Herrian «bizikidetza osasuntsu eta normalizatu bat» eraikitzeko «ezinbesteko baldintzatzat» jo du arrazoi politikoengatiko deportatu, iheslari eta presorik ez egotea.

«Jauzi bat»

«Askapen prozesua sendotzearen beharra» azpimarratzeko ere baliatu du Altunak Azkoitiko ekitaldia: «Jauzi berri bat ematea dagokigu, eta emango dugu; argi dugulako ez gaudela bakarrik gure proiektu politikoa diskurtsiboki defendatzeko, gure helburu estrategikoak bururaino eramateko baizik». Borrokarako deia egin die euskal herritarrei, nork bere esparrutik: «Gurea da erantzukizuna, gugan bizi da atzoko gazteen gogoa, euskal herri aske eta burujabea irudikatzen dugulako».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.