Sortuk ardura hartzeko eskatu die PP, PSOE eta EAJri

enekoitz esnaola
2019ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Jon Paredes Txiki-ren hilobian oroimen ekitaldi bat egin du Ahaztuak 1936-1977 elkarteak, Zarautzen (Gipuzkoa). Francoren diktadurak fusilatu zuen ETAko militante hori, atzo 44 urte. Egun berean fusilatu zituzten Txikiren kide Angel Otaegi eta FRAPeko militante Jose Luis Sanchez, Ramon Garcia eta Humberto Baena.

Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusia Zarauzko ekitaldian izan da, «memoria propioari eusteko» eskubidea aldarrikatzeko. Salatu du eragile batzuk memoria hori kriminalizatu nahian dabiltzala, eta eskatu die ardurak bere gain hartzeko. «Ez ditugu entzun PP eta UPN erantzukizuna hartzen 1936ko kolpe faxistagatik eta geroko 40 urteko diktaduragatik, trantsizioan izandako ehunka hildakoengatik, UCDk martxan jarritako estatu terrorismoagatik». PSOEri galdegin dio erantzukizuna hartzeko GALengatik eta torturengatik, eta EAJri ere eskatu dio bere gain hartzeko Ertzaintzari egozten zaizkion tortura salaketen eta sakabanaketa politika PSOErekin «diseinatzearen» ardura. «Izan daitezela, behingoagatik, ezker abertzalearekin diren bezain exijenteak eta egin dezatela ezker abertzaleak egin duena: har dezatela herri honetan izandako biolentzien eta sufrimenduaren erantzukizunaren partea».

Bakea erdiesteko eta berriro indarkeriarik ez izateko, Rodriguezek beharrezkotzat jo ditu «egia guztiaren ezagutza, biktima guztien aitortza eta erreparazioa, preso politiko guztien kaleratzea eta Euskal Herriaren autodeterminazio eskubidearen ezagutza».

Iruñean, debekua

Espainiako Gobernuaren Nafarroako Ordezkaritzak debekatu egin zuen Ahaztuak elkarteak atzo Iruñean Txiki, Otaegi eta FRAPeko kideen eta «eraildako eta errepresaliatutako beste guztien oroimenez» deitutako elkarretaratzea. Elkarteak esan du Espainiako Poliziaren txosten batean oinarritu direla ekitaldia galarazteko, kartelean «bost terrorista» agertzen direla esanda eta «biktimak gutxiesten» direlakoan, baina gogoratu du duela bi urte egin zutela Iruñean ekitaldia, formatu berekoa, «eta ez zen arazorik sortu». Jakinarazi du EAEn antolatzen dituztela antzeko ekitaldiak. «Honetan ere zer da Nafarroa, estatu auzia?». Iragarri du garai haietako «krimenen eta genozidioaren inpunitatea» salatzen jarraituko duela.

Ezker abertzaleak Hendaian (Lapurdi) eta Baionan Gudari Eguneko ekitaldiak egin zituen atzo. AEM Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak, bilkurak Donostian, Bilbon eta Berangon (Bizkaia).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.