Sortu alderdi politiko gisa ez onartzeko eskatu dio Fiskaltzak Auzitegi Goreneko 61eko Salari. Atzo aurkeztutako inpugnazioan Sortu «Batasunaren jarraipena» dela «frogatutzat» ematen du. «Batasunak diseinatu, sortu eta onetsi duen alderdia da Sortu, bere presentzia bizitza publikoan mantendu eta hauteskundeetan parte hartu ahal izateko». Horretarako, 2009tik gaur egunera arte ezker abertzaleak eginiko adierazpen eta ekimenak aztertzen ditu poliziaren txostenetan jasotako argumentazioari jarraiki.
Era berean, ezker abertzalea alderdi politiko berri bat sortzera eraman duen prozesuak «ETAren onespena» jaso duela dio. Fiskaltzaren arabera, Sortuk bat egingo luke ETAren «helburu politikoekin».
Baina Fiskaltzaren tesi nagusia da Sortuk erakunde armatuaren indarkeriaren aurrean agertutako jarrera. Sortuk adierazitako arbuioa «ETAk zehaztua» dela dio. «Sortuk ezingo luke ETAren aurkako kritika, agiri edo jarrerarik agertu bere buruzagiak gai horren inguruan aginduei jarraitu baino ez duelako egiten».
Hori hala, Fiskaltzak uste du ezker abertzaleak «lege iruzurra» egin nahi duela Sorturen bidez. «Legean ezarritako betebehar formalak betetzen ditu, baina ez dauka inolako asmorik horiek betetzeko».
Indarkeriarekiko jarrera
«Lotura guztien artean garrantzitsuena» Sortuk pasa den astean ustezko lau etakideren atxiloketen eta egun berean Gasteizen izaniko kale erasoaren aurrean agertutako jarrera da, Fiskaltzaren arabera. «ETAren ekimen terroristak argi eta garbi eta publikoki gaitzestea zen Batasunarengandik eta ETArengandik erabat aldentzeko zeukaten aukera bakarra, eta hori ez da gertatu».
Komunikabideetara igorritako ohar batean alderdi berriaren sustatzaileek adierazi zuten oraindik legezko erakundea ez denez, Sortuk ez zuela posizio politikorik hartuko. Horrekin batera estatutuetan jasotako «indarkeria ororekiko arbuioa» berresten zutela nabarmendu zuten. Fiskaltzaren arabera, gertakari horien aurrean jarrera «irmoago eta zehatzago» aurkeztu izan balu, Sortuk «kontrazantzu» nabarmena egingo luke.
Era berean, jarrera hori «ETAk zehaztu» duela dio Fiskaltzak, 2009ko agiri batean oinarrituta. Ustez ETArekin lotura izango luken agiri horretan, indarkeriaren aurrean ezker abertzaleak hartu beharreko jarrera zehaztuko luke erakunde armatuak. Ezker abertzaleak ez luke ETAren ekintzarik inoiz gaitzetsi behar. Sortuk bere estatuetan arbuio hitza jaso izana testuinguru horretan kokatzen du Fiskaltzak.
Batasunaren itzala
Fiskaltzak Sorturen inskripzioa ez onartzeko erabiltzen duen helduleku juridikoa Batasunaren jarraipentzat jotzea da. Fiskaltzaren arabera, «Batasunaren giza baliabideak eta baliabide materialak» erabili dira alderdi berria sortzeko.
Fiskaltzak 2009an hasten du kontakizuna. «Batasunaren Mahai Nazionalak, Bateragune izenarekin», LABek Donostian duen egoitzan eginiko bilerak aipatzen ditu. Bilera horien helburua Batasuna «berriz sortzea» izango litzateke. Bilera horietatik ezker abertzaleak ondoren buruturiko barne eztabaidaren oinarriak finkatu lirateke, eta Fiskaltzaren arabera, hori hala islatuta geratu da Sorturen estatuetan.
Bilera horietan parte hartu zutenetako batzuk espetxean daude. Besteek —Rufi Etxeberria eta Rafa Diez aipatzen ditu— prozesu horrekin aurrera jarraitzeko ardura hartu zuten. Hala, haiei eginiko jarraipen polizialetan oinarrituta, Fiskaltzak ondorioztatu du haiek direla Sorturen «benetako» sustatzaileak.
Poliziaren txostenen, arabera, Etxeberria eta Diez Iñigo Iruin abokatuarekin bilerak egin zituzten. «Bilera hauek lotura izango lukete Sorturen sorrerarekin». Fiskaltzak, baina, ez du kontuan hartzen Diezen abokatua dela Iruin, beste auzi batzuk direla medio. Hala ere, ondorioztatu du bilera horietan alderdi berria izango zena sortzea adostu zutela. Are gehiago: Sorturen estatutuak «Batasunak egindakoak» direla dio.
Fiskaltzak garrantzia bereziaematen dio antolakunde politikoa berria aurkezteko otsailaren 7an Euskalduna Jauregian eginiko ekitaldiari. Ekitaldi horretan ezker abertzalearekin lotura duten 32 herritar identifikatu zituen poliziak. Fiskaltzak nabarmendu du Etxeberria eta Iruin izan zirela alderdi berria aurkeztu zutenak eta ez egun bat beranduago Sortu aurkeztu zuten herritarrak.
Ekitaldi horietan erabilitako ikonografia ere nabarmendu duFiskaltzak. Hala, Euskaldunako ekitaldian ez zela ezker abertzalearen beste ekitaldi batzuetan erabili ohi duen irudi eta lelorik erabili dio. Fiskaltzak, baina, ahaztu egiten du ekitaldia Lokarrik antolatu zuela. Beste ekimena guztietan, halere, ezker abertzalearekin lotura zuzena duten irudi eta leloak antzeman dituela dio.
Prozesu demokratikoa
Nolanahi ere, Fiskaltzak onartu egiten du Sortu ezker abertzalearen proiektua izanda ere, legezko izateko aukera duela. Horretarako, baina, ETArekin loturarik ez duela erakutsi beharko luke, eta, egun, lotura hori egon badagoela dio. Lotura hori Sorturen helburuetan eta indarkeriarekiko jarreran antzeman daitezkeela dio.
Fiskaltzaren arabera, alderdi politiko berriaren helburuen artean, «ETAk planteatutako polo subiranista bat» sortzea egongo litzateke. Polo subiranista horrek ETAren «helburu politiko berberak» defendatuko lituzke, lurraldetasuna eta autodeterminazio eskubidea kasu.
Fiskaltzak helburu horrekin lotzen du «prozesu demokratikoa» kontzeptua ere. «ETAk eta Batasunak erabiltzen duten kontzeptu zehatz bat da prozesu demokratikoa». 1995. urtean ezker abertzaleak aurkeztutako Alternatiba Demokratikoan kokatzen du kontzeptuaren sorrera. ETAko kideei atzemandako agirietan oinarrituta, Fiskaltzak dio, prozesu demokratikoa ez dela bake prozesu bat. Aipatutako helburu politikoak lortu arte erakunde armatuak ez lukeela bere jarduera armatua utziko ondorioztatzen du. «ETAk ez du urrats hori egingo beraiek deitzen duten herri harresia sortu arte».
Era berean, azken urte eta erdian erakunde armatuak plazaratutako agiriak aipatzen ditu. «Sintonia argia dago legez kanpoko erakundearen [Batasunaren] eta ETAren artean». Ezker abertzaleak ETAren adierazpenak prozesu demokratikorako «ekarpen garrantzitsuak» direla esan izana nabarmendu du Fiskaltzak.
Sorturen legeztatzea. Fiskaltzaren txostena
Sortuk adierazitako arbuioa ETAk zehaztutakoa dela dio Fiskaltzak
Sortuk ez duela legea betetzeko asmorik erakutsi adierazi du Fiskaltzak Auzitegi Gorenean aurkeztutako txosteneanJoan den asteko atxiloketei eta kale erasoei emandako erantzuna jarri du adibidetzat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu