Sortuk abagunea baliatu nahi du Madrilen nazio auzia jorratzeko

Alderdi independentistak VI. Nazio Konferentzia egin du, eta militanteek aurrera begirako plan politikoa onartu dute. EH Bilduren eta EH Bairen aldeko apustua berretsi dute

Arkaitz Rodriguez, atzo, Arrasateko Uarkape frontoian eginiko hitzaldian. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Iosu Alberdi.
Arrasate
2023ko irailaren 24a
00:00
Entzun
Sortuk Arrasateko (Gipuzkoa) Uarkape frontoian egin du alderdiaren VI. Nazio Konferentzia, gudari egunaren atarian. Militanteek azken urte politikoko balantzea eta aurrera begirako plan politikoa onartu dituzte bertan. Tartean, uztaileko bozen osteko testuinguruari ere erreparatu diote. Arkaitz Rodriguez idazkari nagusiak azaldu du ezker subiranistaren «erronka eta ardura» dela Espainian gobernu aurrerakoi bat ezartzea, baina nabarmendu du abagune hori baliatu behar dela Madrilek urratsak egin ditzan estatuaren plurinazionaltasuna aitortzeko bidean.

Atzera begirako errepasoan, Sortuk azken legealdiko «lorpenei» erreparatu die. EH Bilduk eta EH Baik azken hauteskunde zikloan izandako gorakada nabarmendu du Rodriguezek, eta gehitu du azken legealdian «Espainiako bloke erreakzionarioa» gelditzea lortu dutela; ondorioz, baita emakumeei, LGTBI kolektiboari, langileei eta herriei kalte egingo liekeen «inboluzioa» etetea ere. Halere, Rodriguezek nabarmendu du hori ez dela nahikoa, eta «gobernu aurrerakoi bat» osatzean baino, «ezkerreko politikak» egitean jarri du arreta. Horien artean aipatu ditu presoei aplikatutako salbuespenezko espetxe politika eta «neoliberalismoan oinarritutako politikak» amaitzea, baita «78ko erregimenaren giltzarrapoa» haustea ere. Izan ere, presoen auziari dagokionez, Rodriguezek nabarmendu du haiei aplikatutako urruntze eta dispertsio politikaren amaiera iritsi dela, baina afera ez dutela amaitutzat emango preso, deportatu eta iheslaririk gabeko etorkizun bat lortu arte.

Etorkizunera begira, berriz, Rodriguezek adierazi du ezinbestekoa dela egungo eredu sozioekonomikoa «errotik» aldatzea eta «zibilizazio berri bat» osatzea, bizitza eta zaintza erdigunean jarriko dituena: «Kapitalismo patriarkala bizitza beraren iraunkortasuna kolokan jartzen ari delako». Horiek hala, Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk eginiko adierazpenei erantzunez, Rodriguezek azaldu du eurak «sozialista erradikalak» direla, horrek adierazi nahi badu «bizitza duin bat» izateko eskubidearen, hezkuntzarako eta osasungintzarako sarbide unibertsalaren zein gizartea «despatriarkalizatzearen» alde egotea.

Horrek guztiak, baina, burujabetza ahalmen handiago bat eskatzen du, Sortuko idazkari nagusiaren esanetan: «Gaur ez dugun erabaki ahalmena». Erronka horri erantzuteko, Espainiako Estatuak bizi duen «momentu historikoa» baliatu behar dela azaldu du. Egun Espainiako Kongresuan dagoen «gehiengo plurinazional eta aurrerakoiari» erreparatu dio, eta hortik atera daitekeen gobernuari urratsak egiteko eskatu: «Balizko gobernu aurrerakoi batek erronka, ardura eta aukera historikoa ditu arazo espainiarrari soluzio demokratiko bat emateko. Arazo espainiarra bere aniztasun nazionala aitortzeko eta demokratikoki kudeatzeko gai ez den estatu bat baita arazoa». Horiek hala, Rodriguezek nabarmendu du ezin dela «aurrerakoi» eta «ezkertiarra» izan euskal herritarren, katalanen eta galiziarren erabakitzeko eskubidea errespetatu gabe.

Era berean, eragile politiko, sindikal eta sozialen arteko «herri akordio zabal bat» osatzea ezinbestekotzat jo du Sortuk. «Egoera honek inoiz baino gehiago eskatzen baitu Madrilen aurrean herri gisa eta ahots bakar batekin aritzea», Rodriguezen esanetan.

«Esperantzaren blokea»

Alderdi independentistak EH Bildu eta EH Bai zein gizarte mugimenduak indartzen jarraitzeko apustua ere berretsi du. Alde instituzionalari dagokionez, Rodriguezek azaldu du ezkerreko subiranismoa dela Euskal Herriak «parez pare dituen erronkei» erantzuteko «lidergo berri bat» eskaini dezakeena. Haren hitzetan, «esperantzaren blokea» osatzen dute koalizio horiek, eta horren ondorio da azken urteetako gorakada. Horiek hala, datorren urteko Eusko Legebiltzarrerako zein Europako Parlamenturako bozak jarri ditu jomugan.

Horrekin batera, Sorturen erronketako bat izango da «langile mugimendua, mugimendu feminista, gazte mugimendua, mugimendu ekologista, euskalgintza, hezkuntza mugimendua edota pentsiodunen borroka indartzea eta sustatzea». Argudiatu du «bulkada sozial» hori gabe «hankamotz» geratuko litzatekeela nazio eraikuntzan, politika publikoetan zein klima eta zaintza alorretan aurrera egiteko akordio bat. Eta hiru zita aipatu ditu azarorako: Euskalgintzaren Kontseiluak azaroaren 4rako deitutako manifestazioa, EH Bilduk azaroaren 18rako Bilbon deitutako manifestazio nazionala eta azaroaren 30eko greba feminista.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.