Alderdiak

Sortuk abagunea baliatu nahi du Madril plurinazionaltasunaren afera jorratzera bultzatzeko

VI. Nazio Konferentzia egin du alderdi independentistak Arrasaten. Azken ikasturteko balantzea eta aurrera begirako plan politikoa onartu dituzte.

Arkaitz Rodriguez, gaur goizean, Arrasaten. ARITZ LOIOLA / FOKU
Iosu Alberdi.
2023ko irailaren 23a
17:51
Entzun

Sortuk Arrasateko (Gipuzkoa) Uarkape frontoian egin du alderdiaren VI. Nazio Konferentzia, eta militanteek azken ikasturteko balantzea eta aurrera begirako plan politikoa onartu dituzte. Uztaileko bozen osteko testuinguruari so, Arkaitz Rodriguez idazkari nagusiak azaldu du ezker subiranistaren «erronka eta ardura» dela Espainian gobernu aurrerakoi bat ezartzea, baina nabarmendu du abagune hori baliatu behar dela Madrilek urratsak eman ditzan estatuaren plurinazionaltasuna aitortzeko bidean.

Atzera begirako errepasoan, Sortuk azken legealdiko «lorpenei» erreparatu die. Madrilgo politikagintzak izan du bere lekua balantze horretan, eta Sortuko buruak azaldu du azken legealdian «Espainiako bloke erreakzionarioa» gelditzea lortu dutela, eta ondorioz, baita emakumeei, LGTBI kolektiboari, langileei eta herriei kalte egingo liekeen «inboluzioa» etetea ere. Halere, Rodriguezek nabarmendu du hori ez dela nahikoa, eta «gobernu aurrerakoi bat» osatzean baino, «ezkerreko politikak» egitean jarri du fokua. Horien artean aipatu ditu presoei aplikatutako salbuespenezko espetxe politikarekin eta «neoliberalismoan oinarritutako politikekin» amaitzea, baita «78ko erregimenaren giltzarrapoa» haustea ere: «Euskal herritarren, katalanen eta galiziarren aspirazio zilegi eta demokratikoei modu demokratikoan aurre egitea».

EH Bilduk eta EH Baik eskuratutako hauteskunde emaitzak ere goratu ditu: «Iragan berri den hauteskunde zikloan, ezkertiar subiranistok inoizko emaitzarik onenak eskuratu ditugu Ipar eta Hego Euskal Herrian». Horiek hala, Rodriguezek uste du ezker subiranistak «esku-eskura» duela Euskal Herriko indar politiko nagusi bilakatzea.

Era berean, euskal presoei aplikatutako urruntze eta dispertsio politikaren amaiera txalotu du. «Euskal gizartearen gehiengoaren babesaren» emaitza dela nabarmendu du: «Estatuak boteretsuak dira, baina ez garaiezinak». Halere, ez du amaitutzat jo afera, eta preso, deportatu eta iheslaririk gabeko etorkizun bat lortu arte borrokan jarraitzeko deia egin du.

Burujabetza

Rodriguezek adierazi du ezinbestekoa dela egungo eredu sozioekonomikoa «errotik» aldatu eta «zibilizazio berri bat» osatzea, bizitza eta zaintza erdigunean jarriko dituena: «Kapitalismo patriarkala bizitza beraren iraunkortasuna kolokan jartzen ari delako». Horiek hala, Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk eginiko adierazpenei erantzunez, Rodriguezek azaldu du eurak «sozialista erradikalak» direla, horrek adierazi nahi badu «bizitza duin bat» izateko eskubidearen, hezkuntzarako eta osasungintzarako sarbide unibertsalaren zein gizartea «despatriarkalizatzearen» alde egotea.

Horrek guztiak, baina, burujabetza ahalmen handiago bat eskatzen du, Sortuko idazkari nagusiaren esanetan: «Gaur ez dugun erabaki ahalmena». Erronka horri erantzuteko, Espainiako estatuak bizi duen «momentu historikoa» baliatu behar dela azaldu du. Egun Espainiako Kongresuan dagoen «gehiengo plurinazional eta aurrerakoiari» erreparatu dio, eta hortik atera daitekeen gobernuari urratsak egiteko eskatu: «Balizko gobernu aurrerakoi batek, erronka, ardura eta aukera historikoa ditu arazo espainiarrari soluzio demokratiko bat emateko. Arazo espainiarra, bere aniztasun nazionala aitortzeko eta demokratikoki kudeatzeko gai ez den estatu bat baita arazoa». Horiek hala, Rodriguezek nabarmendu du ezin dela «aurrerakoi» eta «ezkertiarra» izan euskal herritarren, katalanen eta galiziarren erabakitzeko eskubidea errespetatu gabe.

Era berean, eragile politiko, sindikal eta sozialen arteko «herri akordio zabal bat» osatzea ezinbestekotzat jo du Sortuk. «Egoera honek inoiz baino gehiago eskatzen baitu Madrilen aurrean herri gisa eta ahots bakar batekin aritzea», Rodriguezen esanetan.

Alderdi independentistak EH Bildu eta EH Bai zein gizarte mugimenduak indartzen jarraitzeko apustua ere berretsi du. Alde instituzionalari dagokionez, Rodriguezek azaldu du ezkerreko subiranismoa dela Euskal Herriak «parez pare dituen erronkei» erantzuteko «lidergo berri bat» eskaini dezakeena. Haren hitzetan, «esperantzaren blokea» osatzen dute koalizio horiek, eta horren ondorio da azken urteetan izan duten gorakada. Horiek hala, datorren urteko Eusko Legebiltzarrerako zein Europako Parlamenturako bozak jarri ditu jomugan.

Era berean, Sorturen erronketako bat izango da «langile mugimendua, mugimendu feminista, gazte mugimendua, mugimendu ekologista, euskalgintza, hezkuntza mugimendua edota pentsiodunen borroka indartzea eta sustatzea». Argudiatu du «bulkada sozial» hori gabe «hankamotz» geratuko litzatekeela nazio eraikuntzan, politika publikoetan zein klima eta zaintza alorretan aurrera egiteko balizko akordio bat. Horiek hala, hiru zita aipatu ditu datorren hilabeterako: Euskalgintzaren Kontseiluak azaroaren 4rako deitutako manifestazioa, azaroaren 30eko greba feminista, eta EH Bilduk azaroaren 18rako Bilbon deitutako manifestazio nazionala.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.