Sortu legeztatu eta Bilduren aurkako mehatxuak eteteko eskatu du Ahotsak taldeak

Proiektu politiko guztiak defendatu eta bete ahal izateko modua izan behar dela ohartarazi du, aho batez

Ahotsak ekimeneko kideak, atzo, parte hartze politikoari buruz egin zuten irakurketan. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2011ko apirilaren 16a
00:00
Entzun
«Proposamen politiko guztiak defenda daitezke», adierazi dute Ana Perez EILASeko kideak eta Ainhoa Aznarez PSNkoak, Ahotsak ekimenaren izenean, Euskal Herriko ia pentsamolde guztietako emakumeek osatutako taldeak adostutako idazkia irakurrita. Proiektu politikorik ezin dela inposatu ohartarazi dute. «Proiektuak ez inposatzeak ahalbidetzen du agertoki demokratikoa ezartzea, zeinetan, eskubide guztiak betearazita, baldintza berdinetan baimendu eta bermatu duen». Politikan aukera berdintasunean aritzeko behar hori ez dela «aldarrikapena soilik» adierazi dute, gainera. Horiek guztiak «betearaztea eta garatzea» bermatu behar dela, betiere «bide politiko, baketsu eta demokratikoetan oinarrituta».

Ahotsak taldeko kide guztiek aho batez adostutako idazkian azaldu dutenez, Sortu legeztatzearen eta Bildu babestearen alde egiteko beharra sentitu dute partaideek: «Gure erantzukizun politikoak eta guretzat arrotza ez den gizartearen errealitateak behartzen gaitu publikoki eskatzera Sortu alderdi politikoa berehala legeztatzeko eta Bildu koalizioa jasotzen ari den mehatxuak gelditzeko».

Konponbidea posible delako

Demokrazian guztien parte hartzea bermatzea oinarrizko ikusten dutelako egin dute eskaera, baina ez horregatik bakarrik; konponbideari begira ere ezinbestekoa dela diote. «Idatzi hau babesten dugunok konponbidea posible dela uste dugu. Akordioa posible dela. Normalizazioa. Baina horretarako beharrezkoa da giza eskubideak, askatasuna, aniztasuna, nortasunak, elkarbizitza eta beste errespetatzea», ohartarazi dute. «Ezinbestekoa da alderdi guztiak presente egotea Euskal Herriko bizitza sozial eta politikoan parte hartuz; beraien proposamenak eginez, bakoitza bere esparru politikoan lanean has dadin».

PSN alderdiko eta EILAS sindikatuko kide direnek irakurri dute agiria guztien izenean, Ahotsak taldean maila pertsonalean aritzen direla zehaztuta eta erabakiak «adostasunez» hartzen dituztela gogorarazita. Beste zortzi emakume izan dituzte aldamenean. Besteak beste, Ezker Batuko, ezker abertzaleko, CCOOko eta Bilgune Feministako kideak.

Ahotsak taldearen izenean ari direla argudiatuta, ez dute parte hartzaileen izenik eman nahi izan, talde izaera gorde nahian. «Eremu askotako emakumeak gara», esan dute ezer baino lehen; «alderdi politikoetakoak, sindikatuetakoak, gizarte mugimenduetakoak. Maila pertsonalean gatoz, Sorturen legez kanporatzearen inguruan adostu dugun testua plazaratzeko».

Urteetako harremanen ondoren, 2006ko apirilean aurkeztu zuten jendaurrean Ahotsak. «Orduan hitzartu eta sinatutako akordioa gure ibilbide publikoaren hastapena izan zen», azaldu dute. Ordutik, publikoki batzuetan eta isilean besteetan, lanean jarraitu dute. «Euskal Herriko gizartearen alor desberdinetan aritu garen emakumeak berriro ere elkartu gara, ibilbide desberdinak egin ditugun arren, ez baitugu inoiz harremana galdu».

Emakumeen parte hartzea

Izan ere, behar-beharrezkotzat dute egiten ari diren lana. «Guztiok oso argi daukagu gure parte hartzea ezinbestekoa dela, ez soilik agertoki demokratikoa lortzeko, baizik eta munduan eman diren prozesu guztietan ikusi den bezala, konponbide prozesuetan eta oinarri demokratikoak izan dituen prozesuetan, bakea erdiesteko emakumeen parte hartzea oso garrantzitsua delako».Hortaz, berriz jendaurrean agertu, eta prozesuari bultzada emateko Sorturen legeztatzea aldarrikatu eta Bilduren lana babestu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.