«Iritsi da aski esateko ordua». Sortuk atzo Donostian egindako agerraldian salatu zuen Espainiako Estatuak bakegintzan egin nahi diren urrats guztiei boikota egiteko asmoa duela. Horren adibidetzat du Altsasun gertatutakoa. «Espainiako Estatua bakerako aukera oro lehertu nahian ari da». Sorturen arabera, Altsasun jazotakoa ez da atal bakan bat. Aurretik presoen alorrean egin izan diren urratsak kriminalizatu dituzten bezala, orain Euskal Herria desmilitarizatzeko aldarrikapena kriminalizatu nahi dute, «gatazkaren zentzuzko irtenbideari zuzen-zuzenean eraso eginez».
Sortuk gogora ekarri duenez, nazioarteko estandarrek zein euskal gizartearen gehiengo oso zabalak aldarrikatzen du ETAren desarmatze ordenatua, euskal presoak espetxeetatik ateratzea modu eta denbora egokietan, biktima guztien aitortza eta segurtasun indarrak Euskal Herritik aldentzea. «Euskal gizarteak bakea nahi du, bake osoa eta behin betikoa. Ezin dugu onartu bakearen etsaiek herri hau bakerik gabeko etorkizunera kondena dezaten». Erantzun zabal bat lortzeko, eragile desberdinekin hitz egiteko asmoa azaldu du.
Aitor Esteban EAJren Espainiako Kongresuko eledunak Radio Euskadin egindako elkarrizketan adierazi duenez,«benetako astakeria» da urriaren 15eko liskarrak «ETAren agindupeko mugimendu batek» eragin dituela ondorioztatzea. «Geroz eta argiago dago jende batek interesa duela hemen ezer gertatu ez balitz bezala jokatzeko eta berdin jarraitzen dugula irudikatzeko».
Estebanek gogorarazi du EAJk maiz eskatu duela segurtasun indarrak Espainiaratzeko: «Ozen eta argi diot. EAJk ere hala esan ohi du, Gernikako Estatutuak hala jasotzen baitu, Ertzaintza polizia osoa dela eta polizia judiziala ere izan beharko lukeela». Haren esanetan, gaur-gaurkoz hori ez da betetzen, baina hala Guardia Zibilak nola Espainiako Poliziak beren funtzioak bete besterik ez lukete egin behar.
Manifestazioa hilaren 26an
Altsasun, berriz, erantzun zabala prestatzen ari dira. Udalak zein herritarrek azken egunetan jasandako jazarpen kanpaina salatzeko asmoz, manifestazio bat egingo dute, azaroaren 26an, 12:00etan, Altsasu lelopean. Bestalde, Uxue Barkos Nafarroako lehendakariak deitoratu du herriaren irudi onari kalte egin izana, eta elkartasuna adierazi die bertako biztanleei.
Sortu: «Epainiako Estatua bakerako aukera oro lehertu nahian ari da»
EAJko Aitor Estebanek «astakeriatzat» jo du liskarrak terrorismotzat jotzea, eta salatu du desmilitarizazio eskaera kriminalizatu nahi dutela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu