Sortu duen arazoa konpontzeko eskatu dio Lazarragak Gasteizko Udalari

Kultur elkarteak jaso du Gasteiz antzokiaren kudeaketarako iazko diru laguntzen zuriketaren xedapena: ia 113.000 euro bueltatzeko eskatu dio udalak.

Gorka Urtaren Gasteizko alkate zela egindako bisita, 2022ko urrian. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Gorka Urtaren Gasteizko alkate zela egindako bisita, 2022ko urrian. ENDIKA PORTILLO / FOKU
jakes goikoetxea
2024ko apirilaren 18a
18:15
Entzun

Lazarraga kultur elkarteak jaso du iazko diru laguntzaren zuriketaren Gasteizko Udaleko kontu hartzailearen xedapena. Ostiralean jaso zuen. Baieztatu du udalak 112.817,10 euro bueltatzeko eskatu dizkiola, Gasteiz antzokia kudeatzeko jasotako diru laguntzatik. Lazarragak berak bueltatzea proposatu duen kopurua halako bi baino gehiago: Lazarragak proiektua garatzen eta prestatzen gastatu ez dituen 50.487,48 euro bueltatzea proposatu baitio Gasteizko Udalari.

Izan ere, Gasteiz antzokiak zabalduta egon behar zuen duela urtebete baino gehiago, baina azpiegiturak ia prest —baliabide tekniko batzuk falta dira— eta zabaldu gabe jarraitzen du oraindik. Lazarraga kultur elkarteak irabazi zuen Gasteiz antzokia kudeatzeko lehiaketa, eta horretarako lan egin du urteotan. Lan egin, eta diru laguntzaren zati bat gastatu, antzokia zabalduko zelakoan. Gero, ordea, itxirik jarraitu du. Kultur elkarteak nabarmendu du iaz gastatutako euro bakoitzak udalarekin hitzartutako hitzarmena eta plan operatiboa bete dituela, udalak baimenduta egin dituela, eta hala zuritu dizkiola erakundeari. «Udalak bete ez dituen konpromisoen ondorioz –kulturgunea irekitzea, besteak beste– elkarteak ezin izan du aurreikusitako programazioa aurrera atera, ezta egitarauari lotutako diru sarrerarik lortu ere», kexu da Lazarraga, gaur zabaldu duen ohar batean. «Ezin izan du hainbeste urtetan garatzen aritu den Gasteiz Antzokia-Euskararen Etxearen proiektua martxan jarri».

Udalaren jakinarazpenean ez dira zalantzan jartzen elkarteak diru laguntzaren zuriketan aurkeztutako ordainagiriak. Lazarragak zehaztu duenez, ordea, udalak auzitan jarri du soldatetan gastatutako diru laguntzaren %5. Horrez gain, udalaren txostenean «diru laguntza onargarri» kontzeptua erabili dute, eta gastatutakoaren %78,70ean ezarri dute. Gainerako guztia, Lazarragaren esanetan, bueltatu beharrekoa da. «Berdin dio elkarteak gastatu duen edo ez».

Aurreikusitako diru sarrerarik ez

Udalaren kudeaketa kaskar baten ondorioz elkarteari eta proiektuari kalte egin zaiela uste du: «Hori ez da ez bidezkoa, ez onargarria elkartearentzat». Gastatutako diru kopuru bat bueltatzeko eskatzen dio udalak, elkarteak jada ez daukana. Eta, gainera, Lazarragak ez ditu izan Gasteiz antzokia zabaltzeak eragingo lizkiokeen diru sarrerak: «Guztira, elkarteak 79.276 euro galdu ditu. Baina hori ez da aipatzen udalaren xedapenean». 

Elkarteak nabarmendu du kulturgunea lehenbailehen irekitzeko eskatu diola udalari etengabe, publikoki eta udaleko arduradunekin izandako bileretan. «Ez irekitzeko arrazoiak eta aitzakiak Gasteizko Udaletik etorri dira, behin eta berriz», egotzi dio ardura erakundeari. «Orain, ordea, elkartea da egoera honetan kalteak pairatzen dituena».

Guztiaren ondorioa: kolokan daude bai Gasteiz antzokia, bai kultur elkartea bera ere, Lazarraga kultur elkartearen esanetan. «Proiektuaren bideragarritasuna eta etorkizuna kolokan jarri besterik ez du egin ebazpen honek». Konponbidea udalak duela uste du, eta proiektua aurrera ateratzeko beharrezko irtenbideak har ditzala eskatu dio: bideratutako kudeaketa baten ondorioz elkartea eta proiektua kaltetuak atera izana ez da ez bidezkoa, ez onargarria elkartearentzat. Lazarraga kultur elkarteak Gasteizko Udalari eskatu dio eman ditzala beharrezko irtenbideak proiektua aurrera ateratzeko: «Udalaren borondate faltak Gasteiz antzokiaren proiektua kolokan utzi du: udalak sortutako arazoari udalak aurkitu beharko dio irtenbidea».

Konponbide oso bat eskatu du. «Ez da nahikoa proiektuaren baldintzak okertzera datorren hitzarmen bat sinatzeko eskatzea elkarteari, ez da proiektu honek behar duen irtenbidea». Hasteko, Lazarraga kultur elkartean konfiantza duen udal gobernu bat eta elkarlanean alternatibak bilatuko dituen harremana. Baita «proiektuan sinesten duen Gasteizko Udal bat ere». Udalari borondatea eskatu dio, «Gasteizen kulturgune euskaltzalea erreferentzia bihurtzeko pauso finkoak emateko». «Horiek gabe», ondorioztatu du kultur elkarteak, «elkarteak ezingo du aurrera egin, ezta proiektuak ere».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.