Distantziak laburtzea. Horixe da Azkoitiko Izarraitz Lanbide Heziketako Gizarteratze zikloko ikasleek martxan jarri berri duten kanpainaren xedea: eskuko telefonoak bilduko dituzte datozen asteetan, sorterria atzean utzita Irunera iristen diren migratzaileek senideekin gutxieneko kontaktu bat izan dezaten. Orain dela aste batzuk Irungo Harrera Sareko kideak Izarraitzen izan ziren beren elkartasun egitasmoari buruzko azalpenak ematen, eta han entzundakoei bueltaka hastean otu zitzaien ikasleei kanpaina hori martxan jartzea.
Izarraitzeko goi mailako Gizarteratze zikloko ikasle Eneko Jauregi beasaindarrak azaldu duenez, egin zezaketen “gutxienekoa” da kanpaina martxan jartzea. “Proiektu txiki bat abiatu dugu, laguntza txiki bat emateko”. Haren arabera, “izugarria” da herritarrek Irunera iristen diren migratzaileei laguntzeko egiten duten lana. “Migratzaileek behar handiak dituzte, baina Harrera Sarekoek esan ziguten elikagaiak eta arropa errazago lortzen dituztela, hau da, herritarrek badutela horiek emateko joera”.
Hori ikusirik, migratzaileek komunikatzeko dituzten beharrei erreparatu zieten, “arazo asko” baitute. “Asko dirurik gabe edo diruz larri iristen dira gurera, eta zaila izaten dute sakelako telefono bat erostea edo eskuratzea. Etxekoak urrun izaten dituzte, baina haiekin komunikatzeko beharra izaten dute, kilometro askotara edo Europako beste txokoren batean daudelako”.
Eskuko telefono batek samina arindu dezakeelakoan, komunikazio behar hori asetzeko bidea urratzen hasi dira, eta herritarrak dira horretarako giltza. Horregatik, horiek”kontzientziatu” nahi dituzte. “Irunen diren migratzaileek bizi duten egoera ez da erraza; paperak lortzea oso zaila da, lana aurkitzea nekeza… Gainera, Euskal Herrira iristerako, izugarriak pasatzen dituzte askok eta askok”, azaldu du Jauregik.
Horren aurrean, “migratzaileen azalean jartzeko eta bizi duten egoera ulertzen saiatzeko” eskatu die Jauregik herritarrei: “Herritarrok ikaragarri lagun diezaiekegu migratzaileei guretzat txikia den keinu batekin”.
Oraindik erabilgarri dauden edozein motatako eskuko telefonoak bilduko dituzte egunotan, baina ezaugarri bat bete beharko dute gailuek: Interneterako sarbidea jartzeko aukera izatea. Gainerakoan, ekarpen guztiak “ongietorriak” izango direla dio Izarraitz Lanbide Heziketako kideak.
Azkoitiko, Azpeitiko, Zestoako eta Eibarko hainbat kafetegik, tabernak eta hezkuntza zentrok bat egin dute kanpainarekin, eta beren guneetan sakelako telefonoak biltzeko kutxak jarri dituzte. Printzipioz, “gutxieneko gailu kopuru bat” bildu arte egingo dute bilketa; pare bat asteko epean bukatzea aurreikusi dute.
Lehen proiektua
Bi hilabete inguru dira 25 laguneko ikasle talde batek Gizarteratze zikloa hasi zuela, eta, hain zuzen ere, Irungo Harrera Sarearekin elkarlanean martxan jarri duten kanpaina da gauzatu duten lehen proiektua. Dena den, ikasketa prozesuan kanpaina gehiago garatzea aurreikusi dute ikasleek, “zaurgarriak” diren kolektiboak laguntzea xede.
Jauregiren aburuz, “garrantzitsua” da halako proiektuak gauzatzea, ikasten ari direnari zentzua emateko. “Ziklo hau egitea erabaki genuen ikasleok badakigu zer lan motatan aritu nahi dugun etorkizunean, eta gizarteko askotariko kolektiboei laguntzea dugu xede. Beraz, halako proiektu batean parte hartzea, polita izateaz gain, aberasgarria da”.
Izarraitzera solasaldia eskaintzera joan zen Irungo Harrera Sareko kidea da Oihana Galardi, eta gustura agertu da ikasleek martxan jarri duten kanpaina dela eta. Hark esan duenez, ikastetxe askotara joaten dira egiten dutenaren berri ematera, eta, “puntualki”, kanpainak ere egiten dituzte, eguneroko “behar txikiei” erantzuteko. “Sakelako telefonoak biltzeko proposamena egin genien Izarraitzekoei, eta pozgarria da kanpaina bat antolatzea”. Izan ere, migratzaileentzat eskuko telefonoena da familiakoekin-eta komunikatzeko bidea. Galardik dioenez, “etengabe” behar izaten dituzte telefonoak. “Mugikor bat izaten dute normalean, baina beti izaten da telefonoa behar duen norbait, zeukana lapurtu egin diotelako, hautsi egin zaiolako edo galdu egin duelako”.
Galardiren arabera, baina, ez da erraza eskuko telefonoak biltzea: “Ulertzen dugu ez dela herritarrek egunerokoan dohaintzan emateko moduko zerbait, baina kanpaina martxan da, eta ea zenbat jasotzen ditugun”.
Arropak, oinetakoak…
Irungo Harrera Sarekoek ez dituzte telefonoak bakarrik behar izaten. Hain zuzen ere, Galardik esan duenez, migratzaileentzako arropak ere biltzen dituzte. “Tamaina edo neurri jakin batzuetako arropak eta oinetakoak behar izaten ditugu, gizonezkoenak batez ere, gehienbat gizonezkoak iristen direlako Irunera. Orain, adibidez, iristear da negua, eta berokiak beharko ditugu”. Emakumezkoen eta umeen arropak “errazago” biltzen badituzte ere, “gutxiago” behar izaten dituzte, “gutxiago iristen direlako”.