Pausoz pauso…ametsak lortuko ditugu. Hori da aurtengo Lilatoiaren oinarria eta leloa; hain zuzen, berdintasunerantz emango dituzte pausoak milaka emakumek igandean, Donostiako kaleetan egingo duten herri lasterketan. Martxoaren 8aren harira, azken urteetan erreferente bilakatu den ekitaldi bat da, eta, hogeita zortzigarren urtez, aldarrikapenek eta festak bat egingo dute probaren bidez. 5.700 emakumek baino gehiagok eman dute izena.
Gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna aldarrikatzea da lasterketaren helburu nagusia, eta, xede horri jarraituz, urteroko esentziari eutsiko diote: beroketaren ondoren, 10:30ean hasiko da lasterketa, eta bost kilometroko ohiko ibilbidea egingo dute hirian zehar. Proba hasi baino lehen, ordea, ekitaldi bat egingo dute estreinako aldiz, eta Verdini dantza taldeak bere aletxoa jarriko du. Downen sindromea duten gazteek osatzen dute dantza talde hori, eta haien helburua da “pertsona guztiak berdinak direla erakustea”, Edurne Martinez de Trebiño Lilatoiko antolatzaileak adierazi duenez. Haien mezuak lasterketaren filosofiarekin bat egiten duela eta, emanaldi labur bat egingo du taldeak. Hain zuzen, parte hartzaileek izena emateko bi modu izan dituzte aurten: bata, ohikoa —10 eurokoa—, eta bestea, 11 eurokoa. Aparteko euro hori taldeari emango diote.
Ibilbide luzea du Lilatoiak, eta hasierako izaerari eusten dio. Martinez de Trebiñoren hitzetan, “lan asko” dago oraindik egiteko berdintasunaren arloan, baina aurrerapausoak eman direla azpimarratu du. “Aldaketak egiten ari dira; ingurua kontzientziatua dago, eta interesgarriena da gazteak indartsu datozela”. Kirolari dagokionez ere, lasterketak bere fruituak eman ditu, eta, dagoeneko, emakume askok galdu dute kalera korrika egitera irtetera ateratzeko “lotsa”. “Geroz eta gehiagok eta profil guztietakoek hartzen dute parte. Duela urte batzuk, beharbada, batez ere prestatuago zeuden emakumeek hartzen zuten parte, baina orain interesa duten guztiak etortzen dira”. Hain zuzen, adierazi du halako lasterketak kirola egiten jarraitzeko “tranpolina” direla.
Lasterketaren ezaugarrietako bat da bidean zehar emakumeek jasotzen duten babesa. Festa giroan egiteak ere aurrera jarraitzen laguntzen die, eta, beraz, kezkak alde batera utzi eta proban parte hartzera animatu dituzte antolatzaileek. Egun, Lilatoian belaunaldi askotako emakumeek hartzen dute parte, eta gazteen kopurua ere “nabarmen” igo da. “Horrek esan nahi du gauzak ondo doazela. Lasterketa geratu izan balitz bere garaian borroka egin zutenen artean, sentipen txarrarekin geratuko ginateke. Baina justu kontrakoa gertatzen da”.
Aurrera begira, gazteengana gehiago zuzentzea dute erronketako bat, “han baitago oinarria”. Horretarako, besteak beste, datozen urteetan ikastetxeetan ekintza zuzenak egiteko asmoa dute. “Orain arte borroka egin dutenek gustura egon behar dute asko lortu dutelako, baina gazteek hartu behar dute lekukoa”.