Iñaki Esparza. Bergarako UNEDeko zuzendaria

«Sorrerako behar bera asetzen segitzen du Bergarako UNEDek»

«Positibotzat» jo du Esparzak 40 urte bete izana. Izan ere, 40 urte bete ditu urruneko ikasketen Bergarako egoitzak. Etorkizunera begira daude, «beti aurkitzen delako» zer hobetu.

ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
2016ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Duela 40 urte sortu zen Bergarako UNED (Gipuzkoa), Urrutiko Hezkuntzako Espainiako Unibertsitatearen zentroa. Egitarau oparoa antolatu dute urteurren hori ospatzeko. Urruneko ikasketak eskaintzen ditu erakundeak, eta ikasleek aukera dezakete ikasketetarako erabiliko duten denbora. Iñaki Esparzak (Iruñea, 1962) 2010ean hartu zuen Bergarako zentroaren zuzendaritza. Lanerako «gogotsu» daudela adierazi du. Bergarako egoitza behin betiko eskuratu du UNEDek, joan den astean iragarri zutenez; obrak egiteko asmoa daukate orain. Gaur egun, 2.000 ikasle inguru dituzte ikasketa ofizialetan, eta beste mila inguru titulu propioetan.

Zer balorazio egiten duzue lau hamarkadako ibilbideari buruz?

Positiboa iruditzen zait erakunde batek horrenbeste urte egitea. Sortu zeneko behar bera asetzen jarraitzen du Bergarako UNEDek: unibertsitateko ikasketak aurrez aurre izan gabe, beste modu batera ikasi ahal izatea.

Zeintzuk izan dira arrakastak?

Alde batetik, gure ardura izan da UNEDeko ikasketa ofizialak zabaltzea, eta egin dugu. Beste alde batetik, erabat errotuta gaude Bergaran eta haren inguruetan; bertako ezaugarri bat gara. Bai herritarrekin, bai erakundeekin batera lan egiten dugu, herriko eta inguruko beharrei erantzun bat emateko gure unibertsitatetik.

Zein dira hobetu beharrekoak?

Beti aurkitzen dugu zer hobetu.Bi urrats interesgarri eman ditugu aurten. Batetik, gure egoitza; nola badakigun bertan geldituko garela, egokitu egingo dugu. Bestetik, erakundeekin dugun saretze mailan, Eusko Jaurlaritzak erabakia du gure zuzendaritza batzordean sartuko dela.

Nola egokituko duzue egoitza?

Eraikin zaharra da, eta beste behar batzuk asetzeko dago antolatuta. Estetikoki eta funtzionalki egokituko dugu, hurrengo 40 urteetarako tresna bat sor dezagun.

Zein dira etorkizuneko erronkak?

Gure urteroko erronka da herritarrei zerbitzu on bat eskaintzea. Guregana datozenak profil jakin batekoak dira, ezin dutenak aurrez aurreko unibertsitate ikasketarik egin, ez daukatelako tarterik. Gure malgutasunari esker, egoera hori bidera dezakegu. Hori da eguneroko arrakasta: pertsona horiei ondo esplikatzea zer tresna dauzkagun, eta, horiek baliatuz, beren ikasketak ziurtatzea.

Nola iritsi da Bergarako UNED urteurrenera?

Eskaintza ofiziala eta eskaintza propioa zabaldu ditugu: 26 gradu eskaintzen ditugu, 80 graduondo, doktoretza programak eta hamabi bat ikastaro propio dauzkagu.

Badago ikasle soslai jakinik?

Hasi nintzenean baneukan halako aurreiritzi bat, ikasle guztiak zaharrak zirela. Uste hori ez da zuzena. Ikasleak fisikoki ikusten ditugu, azterketak aurrez aurrekoak direlako, eta denetarik dago. Ezin dute denbora bere osotasunean ikasteko erabili. Hori gerta dakizuke 20 urterekin, 40rekin edo 70ekin.

Orduan, nolakoa da ikasleen tipologia?

Sexu aldetik eta adin aldetik denetik dago. Ez dago profil bereizgarri bat. Bi elementu komun dituzte ikasle guztiek: ikasi nahi edo behar dutela, eta ez daukatela behar beste denbora unibertsitatera joateko.

Aldatu al da tipologia krisiarekin?

Ez, zenbakietan behintzat ez du inongo eraginik izan. Atzera begiratuz gero, esan genezake ase nahi dugun behar hori ez dela une zehatz batekoa, iraunkorra baizik.

Zein da euskaraz daukazuen eskaintza?

Bakarrik gure eskaintza propioa. UNEDeko bitarteko akademiko ofizial guztiak gaztelaniaz sortu eta gauzatzen dira. Erakundeko garuna Madrilen dago: han prestatzen dituzte irakaskuntza eskuliburuak eta azterketetako galderak, eta zuzentzen dituzte azterketak.

Teknologia berrien garrantzia azpimarratu izan duzue. Zein da metodologian daukan eragina?

Pentsa garai batean telefonoz egiten zela tutore eta ikasleen arteko harremana. Interneten plataforma bat daukagu, eta erraztu eta hobetu egin du harreman hori.

UEUk Interneteko unibertsitate bat sortzeko proposamena jarri du mahai gainean. Lehia izango da zuentzat?

Ez dut uste. Gure herrialdean unibertsitate asko daude, publikoak eta pribatuak; orokorrak eta espezializatuak; aurrez aurrekoak eta birtualak. Hala ere, ikasle kopurua ez da jaisten.

Horrenbeste unibertsitate izateak ematen al ditu emaitzak?

Koordinazioa falta zaigu unibertsitateen artean aurrerapausoak emateko. Azpiegitura ona daukagu: unibertsitateak, irakasle kualifikatuak, ikerketa zentroak, eta teknologikoki aurreratutako enpresak. Baina falta zaigu horri ahalik eta etekin garbi eta handiena ateratzea. Hor gabiltza errenka, eta koordinatu beharko genuke horretarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.