EUSKARA

Sorionekuek «ongietorri erraldoia» eginen diote euskarari ekainaren 10ean Iruñean

Euskararen aldeko manifestazioaz gainera, egun osoko egitaraua prestatu dute plataforma osatzen duten eragileek

'Sorionekuak' manifestuaren aurkezpena, urtarrilean, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU
Ion Orzaiz.
2023ko ekainaren 2a
16:13
Entzun

«Euskararen etorkizunari ongietorri erraldoia» egin nahi dio Sorionekuak egitasmoak Nafarroan. Mobilizazioa iragarria zuten lehendik ere: heldu den larunbatean izanen da, ekainaren 10ean, Iruñeko Antoniutti parketik abiatuta. Horrez gain, ordea, egun osoko kultur egitaraua ere antolatu dute Sorionekuak manifestuaren sinatzaileek. Gaur aurkeztu dute.

11:00etatik aurrera, eskulan tailerrak eskainiko dituzte Iruñeko Basotxo kale inguruan, haurrek Sorioneku eskuak sortu eta margotu ditzaten. Horrez gain, puzgarriak eta jolasak ere izanen dira. 11:30ean, erraldoiek kalejira eginen ditu ingurumarian, eta eguerdian, Topadantzak emanaldia eskainiko dute. 12:30ean, Gora bihotzak! ikuskizunaz gozatu ahalko dute haurrek. 16:30ean, bestalde, Igandea txaranga aterako da festagunetik, bazterrak doinuz blaitzera.

Basotxo kaleko guneaz gain, hiriko beste zenbait tokitara ere zabalduko da egitaraua. Hala, 12:00etan, Laba elkarteak Dj bermuta eskainiko du Gazteluko plazan; 13:00etan, doinu herrikoiak karriketara aterako ditu Kantuz egitasmoak; eta 14:00etan bazkaria eginen dute Redin kaleko Arrano tabernan. Bazkarirako erreserbak egiteko epea zabaldu dute antolatzaileek. Horretarako, whatsapp bat bidali behar da 626 25 25 40 zenbakira. 15 euroren prezioa du menuak.

Eguneko zita nagusia, baina, arratsaldeko «mobilizazio herritarra» izanen da. Bertan, Sorionekuak manifestuaren sinatzaileek eta bertara bildutako gainerako euskaltzaleek aldarrikatuko dute euskaraz bizi nahi dutela «eroso». Erosketak egitean, hedabideak kontsumitzean, lagunartean edo administrazioaren aurrean «kezkarik, beldurrik nahiz lotsarik gabe» egin nahi dute euskaraz. Uste dute euskarak ez duela «misteriorik» behar, «etorkizunarekiko ikusmira» baizik. Ez baita museoko pieza bat, egunerokoan erabiltzeko hizkuntza baizik.

Urtarriletik lanean

Iragan urtarrilean aurkeztu zuten Sorionekuak manifestua, Iruñeko Ziudadelan. Kulturaren, hezkuntzaren, euskalgintzaren, kirolaren eta kazetaritzaren esparruko hogei bat pertsonak sinatu zuten manifestua. Gaur, askoz gehiago dira. «Euskaraz ikasi, jolastu, mintzatu, barre egin, fikzioa ikusi eta amets egin nahi dugun herritarrak gara», adierazi zuten agiriaren aurkezpenean. Castillo Suarez idazleak irakurri zuen manifestua euskaraz, eta Tania Gonzalez Agirrek, Union Tutera taldeko jokalariak, gaztelaniaz. «Ager landetan ekimenak antolatzen ditugu, euskaraz idazten dugu, euskara irakasten dugu, kultura egiten dugu, kirola euskaraz sustatzen dugu, injustiziei hordagoa botatzen diegu... Finean, Nafarroa osoko hainbat eremutatik eta bidetatik datozen herritarrak gara, gaurtik hasita euskaraz bizi nahi dutenak».

Nafarroan euskaraz bizitzeko, baina, «hamaika traba» daudela salatu zuten: «Euskara ikastea ez da guztion eskura dagoen zerbait; kulturaren ozeanoan tanta txiki bat da euskaraz ekoitzi eta zabaltzen dena; administrazioan zerbitzuak euskaraz jasotzea ez da erraza izaten, eta hiztun moduan eskubide desberdinak ditugu Nafarroan, gure posta-kodeak definitzen ditu geure hizkuntza eskubideak; atzerriko hizkuntzen azpitik puntuatzen da euskara ehunka lanpostutan; paisaia linguistiko elebiduna izateak, maiz, esfortzu, borroka eta lan handia eskatzen du».

Nafarroa hiru eremutan banatzen duen zonifikazioa eta administrazioak euskal hiztunei eskaintzen dien tratua ere hizpide ditu manifestuak. «Ardura politikoak exijitzeko garaia da, ez bazterketa betikotzeko garaia; ez dugu bigarren mailako herritar izan nahi», azpimarratu zuen Suarezek, aurkezpenean. Are: exijitu zuen eskubide guztiak «herritar orori bermatuak» izan daitezela, «fikziozko mugarik gabe». Euskararentzat, berriz, dagozkion «lekua eta prestigioa» eskatu zuten sinatzaileek. «Izan ere, euskarak hiztunak behar ditu, eta hiztunok, eskubideak. Bereizkeria eta bazterketa ez dira aukera bat: pertsona guztiontzako eskubide guztiak nahi eta behar ditugu. Herritarrok egiten ari garen moduan, har dezala administrazioak erantzukizuna bere gain».

Gaurko agerraldian, antolatzaileek eskerrak eman dizkiete Sorionekuak manifestuarekin bat egin duten guztiei. «Urtarriletik asko eta asko izan zarete gurekin harremanetan jarri zareten, herritar, egitasmo eta bestelakoak, eta gaur gure eskerrik beroenak adierazi nahi dizkizuegu, ekainaren 10a ahaztezina izateko zuen aletxoa jartzeagatik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.