«Herritarron garaia da, euskararen garaia da, urrats bat aurrera egitera goaz. Euskara nafar guztiona da». Adierazpen irmoa egin du Sorionekuak plataformak. Joan den urtarrilean aurkeztu zuten manifestua Iruñean, eta gaur Esku bat izeneko bideoklipa estreinatu dute. Sustrai Colinak idatzi ditu hitzak, eta musika, berriz, Nerea Urbizu musikariak konposatu du. «Euskararen aldeko pauso bat» dela adierazi dute. Atzo arratsaldean, gainera, plataformako kideek eta Tafallako Garces de los Fayos ikastolako ikasleek elkarrekin dantzatu zuten Sorionekuak koreografia.
Euskarak historia luzea eta etorkizun oparoa duela diote plataformakoek, eta susperraldi horretarako soinu banda dela bideoklipa. Eremu eta egitasmoa anitzetako kideak ageri dira: Martxelo Otamendi, Joseba Santamaria eta Iñaki Soto kazetariak; Aaron eta Kutxi Romero musikariak; Jagoba Arrasate entrenatzailea; Mirian Rivas, Roberto Martil eta Ainhoa Tirapu futbolariak; Anabel Arraiza aktorea, Zuriñe Hidalgo, Olaia Inziarte, Nerea Urbizu eta Garazi Gartzia abeslariak; Saioa Alkaiza eta Estitxu Arozena bertsolariak, eta Porrotx, Satorjator eta Astonauta umeentzako pertsonaiak.
Bideokliparen aurkezpenarekin batera, Iruñean ekainaren 10ean eginen den mobilizaziora deitu dituzte herritarrak, «euskararen aldeko bidea batera egiteko».
Mobilizazioa
Ekaineko mobilizazioa «historikoa» izanen dela adierazi dute, eta egun horretan eramanen dituztela kalera urte hasieran egindako manifestuko aldarriak. Adierazi zuten, adibidez, «kezkarik, beldurrik nahiz lotsarik gabe» egin nahi dutela euskaraz. Ez delako museoko pieza bat, egunero erabiltzeko hizkuntza baizik. Zonifikazioaz ere mintzatu ziren, eta euskararentzat dagozkion «lekua eta prestigioa» eskatu zuten.
Esku bat
Nahi nuke esku bat…
Nahi nuke esku bat…
Nahi nuke esku bat
zorionekoa,
libre egin nazan
askatu gabe.
Amore eman ondoren
erruak erre baino lehen,
Esku bat... bide-seinale
ta bat-batean haizea alde.
Hatz bakoitzean milaka hitz ditu
ziur zahartzen da ta zimur-berritu;
bizipoz-marra amaigabekoa...
Ni, bai, zorionekoa!
Nahi nuke esku bat
zorionekoa,
denen ispilu
nire irudi.
Nire algoritmoekin
eta antonimoekin
esku bat...mundura zubi.
Nondik abia, nora itzuli.
Hatz bakoitzean milaka hitz ditu
ziur zahartzen da ta zimur-berritu;
bizipoz-marra amaigabekoa…
Ni, bai, zorionekoa!
Nahi nuke esku bat
zorionekoa…
Nahi nuke esku bat
zorionekoa…
Nahi nuke…
Nahi nuke...
Ez al da arraroa
zorionik gabe Nafarroa?