«Sorgin ehiza» eteteko, Ospa Eguna egingo dute Altsasun irailaren 1ean

Antolatzaileek uste dute Guardia Zibilak eta Foruzaingoak «jazarpen maila igo» dutela. Bat egitera deitu dituzte euskal herritarrak, «jazarpenik gabeko geroa» sortzeko

Ospa mugimenduko kideak, atzo, Altsasun, irailaren 1ean egitekoak diren Ospa Egunaren berri emateko. IÑIGO URIZ / FOKU.
jon olano
2018ko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
«Indar errepresibo guztiei arbuioa» adierazteko, Ospa Herri Mugimenduak Ospa Eguna antolatu du irailaren 1erako, Altsasun (Nafarroa). Antolatzaileen iritziz, jada ez dago «inkisiziorik, modu ofizialean behintzat», baina «sorgin ehiza» jasaten ari direla azpimarratu dute. Hori horrela, «jazarpenik gabeko etorkizuna» sortu nahi dute, eta, hala egiteko, dei egin dute irailaren 1erako prestatu duten egitarauarekin bat egitera.

Mugimenduak iragarria zuen aurtengo Ospa Egunaren data, baina agerraldi bat egin zuten atzo, Altsasun, herritarrei dei egiteko irailaren 1ean Nafarroako herrira joatera. Dozenaka lagun batu ziren atzoko prentsaurrekora, eta horietako askok zeramatzaten irailaren 1a iragartzeko kartelak. Kartelaren azpian, leloa: Mainamikirriren ilobak gara gu, eta erratzak prest ditugu. Hain zuzen, irudikatu nahi dute Altsasuko pertsonaia izango dela «sorgin ehiza» bertan behera utziko duena. Horregatik, antolatzaileek sorginez mozorrotuta eman zituzten azalpenak.

Horien esanetan, Foruzaingoak eta Guardia Zibilak «jazarpenaren maila igo» egin dute azken hilabete eta urteetan, eta uste dute estatuarentzat «ezinezkoa» dela «jazarpenik gabe eustea injustizia etengabe birsortzen duen sistema bat». Hortaz, dei egin dute sistema bera eraistera, eta beharrezkotzat jo dute «aurrerapauso bat» ematea: «Izan dadila indar erakustaldi bat jazarpenaren aurrean». Halaber, ohartarazi dute ez dietela «inposatuko elkarbizitza faltsurik jazartzen zaizkigun horiekin», eta gaineratu bizikidetza soilik lor daitekeela «egiazko justizia» baldin badago: «Eta, sistema hau nozitzen dugunontzat, ez dago justiziarik».

Zazpi presoak gogoan

Hedabideen fokupean egon da Ospa mugimendua azken bi urteetan, 2016ko urriaren 15 goizaldean Altsasuko taberna batean zenbait gaztek eta bi guardia zibilek eta horien bikotekideek liskarra izan zutenez geroztik. Auzia Espainiako Auzitegi Nazionalean epaitu zuten apirilean, etazortzi gazteri bi eta hamahiru urte arteko espetxe zigorrak ezarri zizkieten: Iñaki Abad, Oihan Arnanz Adur Ramirez de Alda, Jokin Unamuno, Jon Ander Cob, Julen Goikoetxea, Aratz Urrizola eta Ainara Urkijo dira zortzi gazteak. Urkijo ez beste guztiak daude espetxean; Ramirez de Alda, Arnanz eta Unamuno 2016ko azarotik daude preso, eta Cob, Goikoetxea, Urrizola eta Abad ekainean eraman zituzten espetxera, auzitegiak epaia argitaratu eta egun gutxira. Zazpi presoak gogoan izan zituzten atzoko agerraldian, eta protagonismoa izango dute irailaren 1ean ere.

Gertaerak terrorismotzat jo ote zitezkeen; hori izan zen auziaren muina, instrukzio aldia hasi zenetik. Erabakigarria izan zen Auzitegi Nazionalak kasua bere gain hartzeko. Guardia Zibilaren txosten batean oinarrituta, fiskalak defendatu zuen erasoa guardia zibilen aurkako giro politiko baten ondorio zela, atzean Ospa mugimendua zegoela eta guztia ETAren estrategia baten ondorio zela. Epaimahaiak atzera bota zuen tesi hori: «Aurkeztutako frogak ikusita, ondoriozta dezakegu auzipetuek egindakoa ez dela ekintza terrorista».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.