Soraluzeko (Gipuzkoa) Plaentxi.eus herri komunikabideak BERRIAri baieztatu dionez, soraluzetarra da bart gauean Benidormen (Herrialde Katalanak) hilik aurkitu duten emakumea. Plaentxi.eus-en arabera, M. L. L. da. 68 urte zituen. Hasieran Zarauzkoa zela zabaldu den arren, Zarauzko Hitza-k azaldu du jatorriz ez zela han sortua, Zarautzen sei urtez bizi izandakoa baizik, 1990etik 1996ra bitartean.
Emakumearen hilketa ikertzen ari da Espainiako Polizia. Indarkeria zantzuak zituen gorpuak aurkitu dutenean, bi sastakada, eta goizean horren berri eman dutenean jakinarazi dute litekeena dela hilketa matxista izatea. Emakumearen senarra trafiko istripu batean hil da bart gauean, eta horren berri ematera joan direnean aurkitu dute emakumearen gorpua etxean; Espainiako Poliziak zabalik topatu du etxeko atea.
Susmagarri nagusia biktimaren senarra da, 73 urtekoa. Trafiko istripuz hil da gizona, baina, jakinarazi dutenez, lehen zantzuen arabera, litekeena da bere buruaz beste egin izana. Gidatzen ari zen autoak garabi bat jo du bart La Vila Joiosa parean (Herrialde Katalanak), 22:10ean. Bikoteak hainbat urte zeramatzan Benidormen bizitzen. Plaentxi.eus-en arabera, Elgoibarren ere bizi izandakoa zen emakumea.
2003tik indarkeria matxista dela-eta hildako 115. emakumea litzateke, aurtengo hirugarrena. Aurtengo lehen hilketa matxista Tuteran izan zen (Nafarroa), urtarrilaren 10ean, eta bigarrena, Barakaldon (Bizkaia), apirilaren 26an.