Beste hilketa matxista bat. Euskal Herriko hirugarren biktima urtea hasi zenetik, eta 115 zenbatu dituzte jada 2003tik. Sei hildako urtean, batez beste. Espainiako Poliziak herenegun gauean topatu zuen andrearen gorpua, Benidormeko bere etxean (Herrialde Katalanak), bi labankada eta indarkeria zantzuak zituela. Plaentxia.eus herri komunikabideak BERRIAri baieztatu dionez, hildako andrea M.L.L. da, Soraluzekoa (Gipuzkoa), eta 68 urte zituen. Elgoibarren ere bizi izan zen luzaz. Bi herrietako udalek erasoen kontrako protokoloa aktibatu dute, eta mugimendu feministak protestak deitu ditu: gaur Elgoibarren eta bihar Soraluzen.
Ikusi gehiago:Hilketa matxisten mapa
Emakumearen hilketa indarkeria matxista gisa ikertzen ari da Espainiako Polizia. Izan ere, biktima Benidormeko bere etxean topatu zuten, indarkeria zantzu nabariekin. Emakumearen senarra, 73 urtekoa, trafiko istripu batean hil zen egun berean, eta Espainiako Polizia horren berri ematera joana zen bikotearen etxera. Atea zabalik topatu zuten, eta emakumea, hilotz: bi labankada zituen bularraldean.
Poliziak jakinarazi duenez, senarra da hilketaren susmagarri nagusia, eta bi hipotesi nagusi eman dituzte haren heriotza azaltzeko: emazteari eraso egin ostean ihesean joan eta auto istripua izan zuela, edo bere buruaz beste egin zuela, autoa bidetik aterata. Izan ere, gidatzen ari zen autoak hainbat metro egin zituen kontrako noranzkoan, garabi bat zeraman kamioi baten kontra jo aurretik.
Bikoteak hainbat urte zeramatzan Benidormen bizitzen. Aurretik, emakumea sei urtez bizi izan zen Zarautzen, 1990etik 1996ra.
115 hilketa 2003tik
2003tik indarkeria matxista dela-eta hildako 115. emakumea litzateke Soraluzekoa, eta aurtengo hirugarrena. Aurtengo lehen hilketa matxista Tuteran izan zen (Nafarroa), urtarrilaren 10ean, eta bigarrena, Barakaldon (Bizkaia), apirilaren 26an.