Euskal presoak urrunduta edukitzeak eragiten duen «sufrimendua» aitortu dute Lasarte-Oriako, Tolosako eta Soraluzeko udalek (Gipuzkoa), EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta EP Elkarrekin Podemosek onartutako mozioetan. Euskal presoei bisitan joatean auto istripuz hil ziren herritarrak gogoratu dituzte hiru udalek; zehazki, «urrunketaren eraginez presoen senideek pairatutako sufrimendua» aitortuta.
Lasarte-Oriako Udala izan zen lehena: urtarrilaren 14an onartu zuen Argi Iturralde eta Iñaki Balerdi urruntzearen biktima gisa aitortzen zituen mozioa. Hemezortzi urte pasatu dira Lasarte-Oriako bi herritarrak hil zirenetik, Albacete aldean (Espainia), espetxean zuten semea eta anaia bisitatzera zihoazela.
Tolosan joan den urtarrilaren 28an onartu zuten mozioa, eta hartan gogoratu dute 38 eta hamasei urte bete direla Arantza Amezaga eta Rosa Amezaga, batetik, eta Leo Esteban Nieto, bertzetik, «euskal presoei zein haien senide eta gertukoei espetxe politikak ezartzen dieten urrunketa politikaren testuinguruan» hil zirela. Arantza eta Rosa Amezaga 1982ko irailaren 9an zendu ziren, Espainiako Auzitegi Nazionaletik bueltan, auto istripu batean, preso zuten senide baten epaiketa batera joanak baitziren Madrilera. Leo Esteban Nieto 2004ko ekainaren 4an hil zen, Puerto de Santamariako kartzelatik bueltan (Andaluzia, Espainia), senide bati bisita egitetik Euskal Herrira zetorrela. Tolosako Udalak adierazi du heriotza horiek ez zirela «kasualitatea» izan: «Bidaia luzeak egitea aukera bakarra dute presoen senideek eta lagunek bisita eskubidea bermatzeko, duela hiru hamarkada Frantziako eta Espainiako gobernuek euskal presoen aurkako urruntze politika martxan jarri zutenetik».
Soraluzeko mozioa otsailaren 3an onartu zuten, eta, kasu horretan, Iñaki Saez eta Asier Heriz izan zituzten gogoan: Brievako espetxera bidean izandako auto istripu batean zendu ziren, duela hemeretzi urte.
Etxerat-ek nabarmendu du hiru udaletan lorturiko adostasun politikoetan «espetxe politika berri baten beharra» defendatu dutela lau alderdiek: «Sakabanaketaren eta urrunketaren aurka agertzen dira, haien eraginez izandako heriotzak berriz ere gerta ez daitezen, eta legedi arruntaren eta normalizatutako espetxe politikaren aldeko hautua ere egiten dute».
Orotara, hamasei hildako
Guztira, hamasei lagun hil dira euskal presoen urruntzearen ondorioz izandako auto istripuetan, Etxerat-ek oroitarazi duenez, eta senideen elkarteak jakinarazi du «sakabanaketaren eraginez» hildakoen jatorrizko bertze herri batzuetan ere proposatuko dituztela akordioak. Iruñeko eta Barañaingo udalek aitortuak dituzte lehendik bertze bi biktima: Sara Fernandez eta Karmele Solaguren —2018an aitortu zituzten—. Etxerat-en ustez, «berebiziko garrantzia» dute alderdiek adostu eta onartutako adierazpen horiek, halako heriotzarik «inoiz gehiago gerta ez dadin».
Soraluzek, Lasarte-Oriak eta Tolosak urrunketaren biktimak aitortu dituzte
Presoen senideek «pairatutako sufrimendua» aitortzen duten mozioak onartu dituzte hiru udaletan, EAJk, EH Bilduk, PSEk eta EPk babestuta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu