'Somoto auziagatik' «erantzukizuna hartzeko» eskatu dio EH Bilduk PSEri

Urtxuegiak egindako delituen «erantzukizunak araztu» behar direla uste du EH Bilduk

Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2023ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
«Zurrumurrua zena egia da orain». Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) EH Bilduk «pozik baina zuhur» hartu du azken berria: PSE-EEko Ana Urtxuegiak, Lasarte-Oriako alkate ohiak, aitortu du Nikaraguara bideratutako udal funtsekin prebarikatu zuela eta funts haiek bidegabe erabili zituela. EH Bilduk eta EAJk bultzatuta iritsi zen Somoto auzia auzitara —2011. eta 2015. urteen artean biek osatutako udal gobernua izan zen akusazio partikularra—, eta koalizio abertzaleak PSE-EEri prozesua «oztopatu» izana leporatu dio: «Sozialistei eta herriko alderdi sozialista osatzen duten pertsonei eskatzen diegu erantzukizuna hartu eta gaiari buruzko gogoeta zintzoa egiteko».

Herenegun ezagutarazi zen Urtxuegiak fiskaltzarekin eta akusazio partikularrarekin egindako akordioa: hemezortzi urteko inhabilitazioa eta 2.160 euroko isuna adostu zuten. Egun hartan bertan adierazi zuen PSE-EEk Urtxuegiaren militantzia etengo duela, eta amaitutzat jo zuen auzia, erabaki judiziala «errespetuz» onartuta. Atzo egindako agerraldian, Lasarte-Oriako EH Bilduk adierazi zuen «erantzukizunak araztu» behar direla: «Iraganeko kontuak badira, bestelako jokamoldea beharko luke gaurko Lasarte-Oriako PSEk, eta ez da hala izan». EAJk, berriz, «barkamena» eska dezala galdegin dio PSE-EEri.

Delituak aitortu baditu ere, Urtxuegia ez dute espetxean sartuko, ez delako baieztatu delitu horien bidez bera «aberastu» zenik. Hori nabarmendu zuen atzo Jose Ignacio Asensiok, PSE-EEren Gipuzkoako idazkari nagusiak: «Irregulartasunak egiten direnean, gure barne kodeak martxan jartzen ditugu, eta horixe egin dugu». Gipuzkoako Auzitegiak Urtxuegiaren, fiskaltzaren eta akusazio partikularraren akordioa berretsi ostean etengo dio militantzia PSE-EEk Lasarte-Oriako alkate ohiari.

Somotoko diru laguntzak

Somoto Nikaraguako hiri bat da, eta Lasarte-Oriarekin senidetuta dago. Lasarte-Oriako Udalak bi milioi euro baino gehiago eman zizkien udalerri hartako hiru erakunderi 2000tik 2009ra bitartean, garapenerako proiektuak sustatzeko diru laguntza gisa.

Funts publiko horien erabilera zalantzan jarri zuten oposizioko alderdiek. 2011n, udal gobernua eskuratu zuten, eta epaitegira eraman zuten auzia 2015ean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.