Soluzioa atzemateko urtea eskatu du Bil ta Garbik

Azken hondakinak lurperatzeko Hazparneko Hazketaren ordezkorik ez du oraino.Bereizketa hobetzeko deia egin die sindikatuak herritarrei

Bil ta Garbiko ordezkariak, atzo eman prentsaurrekoan. ISABELLE MIQUELESTORENA.
Nora Arbelbide Lete.
Baiona
2015eko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Hazparneko Hazketa hondakindegia (Lapurdin) baliatzeko hitzarmena aurten bururatzekoa da, paperean. Azken hondakinak lurperatzeko gunea da Hazketa. Baina, urtea aitzinatu arau, Hazketaren geroa lausotzen ari da.

Hondakinen tratamendurako Bil ta Garbi sindikatuko kideek «epe bat» eskatu dute gunearekin zehazki zer egin nahi duten errateko. Bil ta Garbiko presidente Martine Bisautaren hitzetan, «xedea ez da hor gelditzea». Ondoko bost urteetako helburuak eta aukerak azaltzeko atzo eman prentsaurrekoan argitu zuen hori Bisautak. Segurtatu zuen aurtengo urtea bukatu baino lehen iragarriko dutela erantzuna. Ez zuen baztertu Hazketaren hitzarmena luzatzea. Azken hondakinak lurperatzeko beste gunerik ez dela izanen, hori berretsi zuen Bisautak. Bi ikerketak baieztatu zuten ez zela Hazparneko leku hori baino hoberik Bil ta Garbik kudeatzen duen eremuan. Kasik Ipar Euskal Herri osoa hartzen duen eremua da —Biarnoko herri zenbait ere bai—, Hego Lapurdiko gune bat izan ezik. Bigarren eremu horretan, Bizi Garbiak ditu hondakinen ardura. Eta Bizi Garbiak kudeatzen duen Senpereko Zaluaga II izan daiteke azken hondakin horientzako beste eremu bat. Bizi Garbiarekin biltzekoak dira laster, hain zuzen. Bisautak azaldu zuen orduan ikusiko dutela zer egin daitekeen elkarrekin. Bitartean, Bil ta Garbiren esperantza da hondakinen kopurua oinarrian txikitzea eta hobeki baloratzea. Iragarri zuten aurten lurperatzen dituzten hondakinak %30era iritsiko direla, Canopia eta Mendixka hondakindegi berriei esker. %20ra jaustea espero dute luze gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.