Soldatak %23 igotzea lortu dute Bizkaiko zahar etxeetako langileek

ELAk eta UGTk sinatu dute hitzarmena; LABek eta CCOOk ez. Akordioak 5.000 langileri eragiten die. ELAren arabera, «ez da kasualitatea» hauteskundeen atarian lortu izana hobekuntza

Zahar etxeetako langileak, atzo, akordioa ospatzen, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
Javi West Larrañaga.
Bilbo
2023ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Sinatu dute, eta zabaldu dute xanpaina. 68 greba egun egin dituzte Bizkaiko zahar etxeetako ELAko langileek, eta atzo goizean lortu zuten akordioa patronalarekin. Bi urteko lan gatazkaren ostean, lortu dute hileko soldata 1.460 eurotik 1.800era igotzea 2025erako. Horrela, Gipuzkoan UGTk gutxiengoan lortutako hitzarmena baino hobea erdietsi dutela azpimarratu zuen ELAk, atzo eguerdian Bilbon egindako agerraldian. ELArekin batera, UGT sindikatuak ere sinatu du akordioa.

Hitzarmenak 5.000 langileri baino gehiagori eragiten die. Guztira, %23,22 igoko zaie soldata lau urtean: 2023an, %8,78; 2024an, %5,10; 2025ean, %5,10; eta 2025eko urritik aurrera, %2,55. Gainera, ELAk azaldu duenez, itunak bermatu egiten du langile taldearen %85 finkoa izatea, eta ordezkapenak lehen egunetik betetzea. Ez dira hobekuntza bakarrak: berdintasun planak eta euskara sustatzeko neurriak onartu dituzte, eta domeketako plusak eta antzinatasuna %22 igotzea.

Langileek bazekiten hurre zegoela, eta, atzo goizean egindako manifestazioan, Lan Harremanen Kontseiluaren aurrean batu ziren, irribarretsu, saltoka eta txaloka, albistearen esperoan. Negarrak eta besarkadak ere egon ziren. Lan gatazka luzea izan baita. Sindikatuak nabarmendu zuen aurreko hitzarmena sinatzeko 378 greba egun egin zituztela, eta sektore «feminizatu eta ikusezina» izateak eragina daukala: «Ezin da ulertu greba hau aurrekoa gabe. Orduan 378 egun egin genituen, eta orain 68 egin ditugu».

Kalean egon direnei ez ezik sindikatuaren afiliatu guztiei ere adierazi zieten esker ona. «Eskerrak eman nahi dizkiegu ELAko 100.000 afiliaturi baino gehiagori, haiek barik ez litzatekeelako egongo gure borroka posible egin duen erresistentzia kutxarik», adierazi zuen Alaine Fernandezek, hitzarmena sinatu ostean. «Oraindik dardarka nago», esan zuen harekin batera negoziazioan zegoen Ana Romanek.

Borroka ez da amaitu

Borrokak «merezi» izan duela aldarrikatu zuen Pilik, Barakaldoko zahar etxe bateko langile batek: «Baina errealistak izan behar dugu; borroka ez da amaitu oraindik, ratioena borrokatzeko dago eta hori ez du hitzarmenak arautzen». Izan ere, Eusko Jaurlaritzak erabakitzen ditu ratioak.

Sindikatukoen arabera, akordioa sinatu izanak lotura izan dezake hauteskundeak hurre egotearekin, azken greba egunetan patronalaren blokeoa deitoratzen ibili baitira. ELAko Julio Fombellidak azaldu duenez, Bizkaiko Foru Aldundiak «behartuta» ikusi du bere burua patronalaren eta haien arteko bitartekaritza egitera. «Litekeena da hauteskundeen ondorioz sortutako propaganda interesek lagundu izana prozesua bizkortzen», esan du. Uste berekoa da Ander Akarregi ELAren sektore arduraduna: «Ez da kasualitatea Bizkaibuseko hitzarmena sinatzea, hau [zahar etxeetakoa] sinatzea, etxez etxeko laguntzakoena sinatzea... Horiek denak [hauteskundeak baino] apurtxo bat arinago izan dira».

Hitzarmena ELAk eta UGTk sinatu dute patronalarekin, baina CCOO eta LAB ez dira batu.CCOOk esan du oraindik aztertu egin behar dutela akordioa;LABek, ordea, ez du ontzat jo hitzartutakoa, «foru hauteskundeetarako lau egun falta direnean Bizkaiko egoitzetan lortutako aurreakordioak EAJren politika neoliberalak indartzen» dituelakoan. Sindikatuak ohar bidez onartu du «borrokarekin» lortu dela «soldata eguneratzea», baina uste du sinatutakoak ez duela «hobekuntza sozialik» jasotzen. Hala ere, ELAk gehiengoa dauka sektorean —ordezkaritzaren %64—; beraz, azken detaileak finkatzea besterik ez da geratzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.