Iazko urtarrilean lortu zuten LAB sindikatuak, Ikastolen Elkarteak eta Eusko Ikastolen Batzak ados jartzea; hala, lan hitzarmen berrirako aurreakordioa izenpetu zuten. Orain, hari jarraikiz, lan hitzarmena sinatu dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastoletarako. Besteak beste, zera adostu dute: % 15,3ko soldata igoera langile guztientzat.
LABek ohar batean eman ditu azalpenak. Haren esanetan, 2024ko urtarrilean aurreakordioa sinatu zuten, eta 2027rako ikastoletako langile guztiak sare publikoko langileekin parekatzeko prozesu bat adostu zuten, «beste hainbat hobekuntzarekin batera», eta horretan hasi ziren. Diotenez, egoera horretan, ez da erraza izan negoziatzea: «Ziurgabetasuna izan da nagusi, eta, hainbatetan, denbora aurrera joan eta nahikoa edukirik ez zela ikusirik, batzarrak eta mobilizazioak egin behar izan ditu LAB sindikatuak».
Alabaina, azkenean, lortu dute ados jartzea. Nabarmendu dutenez, zenbait hobekuntza ikasturte hasieratik indarrean daude ikastola askotan. Ordea, bazeuden lan hitzarmena sinatzearekin lotuta zeuden beste batzuk: adibidez, aurrerantzean, HH Haur Hezkuntzako 0-1 urtekoen geletako hezitzaileen soldata 2 urtekoen hezitzaileen soldataren parekoa izango da.
Horretaz gainera, jasota daude lan baldintzak hobetzeko beste zenbait neurri ere: besteak beste, langile guztiei soldatak % 15,3 igotzea; Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan asteko 23 eskola ordu izatea, jolasgaraiak kontuan izanda; urteko lanorduak jaistea administrazioko eta zerbitzuetako langileei eta 0-3 urteko geletako hezitzaileei eta jarduera osagarrietako langileei; eta baimen berriak izatea.
Aurrera begira
Oraindik badituzte erronkak, sindikatuaren irudiko: «Egindako lanaren emaitza ospatzeko garaia da orain. Jomugan dugu, baina, lan akordioan sinatu eta jaso zen bezala, soldaten parekatzea eta lan baldintzen homologazioa langile guztientzat izatea. Hori izan zen LAB sindikatuak Hezkuntza Sailarekin sinatu zuena; horixe exijituko dugu eta horren alde borrokatuko gara».