Soldata gutxienez %24 igotzea lortu dute Bizkaiko Diputazioak azpikontratatutako garbitzaileek

Akordioari esker, soldatak aldundiko garbitzaileenekin parekatuko dira ia.

Bizkaiko Aldundiko garbitzaileak, protestan. ECUADOR ETXEA
Bizkaiko Aldundiko garbitzaileak, protestan. ECUADOR ETXEA
2024ko uztailaren 12a
12:30
Entzun

Urtebeteko negoziazioen ostean, lan ituna sinatu zuten atzo ELA, LAB, ESK eta UGT sindikatuek Optima Facility Services garbiketa enpresarekin. Bizkaiko Foru Aldundiak enpresa horri azpikontratatu zion bere eraikinen garbiketa. Garbitzaile azpikontratatuen lan baldintza eskasak salatzeko, urtebetez aritu dira negoziatzen, eta hainbat mobilizazio ere egin dituzte, tartean sei greba egun. Akordio horri esker, ia erdira murriztuko da aldundiko langileen eta langile azpikontratatuen arteko aldea.

Sei urteko epean langileen soldatak %24,23 igoko dira gutxienez, eta, 2026ko urtarrilerako, soldaten %9,8 izango den ordainsari bat lortuko dute: lanaldi osoko langile batek, esaterako, 2.489,31 euro. Gainera, soldatak urtero eguneratuko dira aldundiko langile propioen igoerarekin eta %2,5eko hazkundearekin.

200 inguru dira Bizkaiko Foru Aldundiak azpikontratatuta dituen garbiketako langileak, ia gehienak emakumeak. «Sektore feminizatu batean garrantzitsuak diren lan baldintzak lortu ditugu», azaldu du LABek.

Horrez gain, lanpostu hutsen sistema berri bat adostu dute, «plantillaren partzialtasuna hobetzen laguntzeko». ELAren ustez, neurri hori «oso garrantzitsua» da, ia %90eko partzialtasuna duelako kolektibo feminizatu horrek. ESK ere bat dator ELArekin: «Ezinbestekoa zen oraindik existitzen ez zen lanpostu hutsen sistema bat eskaintzea».

Hobekuntzen artean lanaldiaren murrizketa dago: jateko ordua 30 minutura luzatu dute, eta urtean bi zubi egiteko eskubidea izango dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.