Solariaren Zierbena Solar proiektu fotovoltaikoa «legez kanpokoa» dela salatu du Lurra sareak

Elkarteak nabarmendu du Espainiako Gobernuaren eskumena dela proiektuari oniritzia ematea, eta enpresak «lege iruzur bat» egin duela egitasmoa zatikatuta.

Erriberabeitiko Ekian eguzki parkearen irudi bat.
Erreberabeitiko Ekian eguzki parkearen irudi bat. DAVID AGUILAR/EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2024ko uztailaren 2a
13:56
Entzun

Solaria enpresak Araban egin asmo duen Zierbena Solar proiektua ez da onargarria, Lurra sareak ohar bidez adierazi duenez. Askotariko «irregulartasunak» daudela salatu du. Besteak beste, adierazi du enpresak proiektua «zatikatu» duela, eta «lege iruzur bat» dela hori. Alberto Frias elkarteko presidentearen esanetan, proiektuak, osorik hartuz gero, 50 MWeko potentziaren muga gaindituko luke, eta, beraz, Espainiako Gobernuari legokioke hura onartzea, eta ez Eusko Jaurlaritzari, egitasmoa aztertzeko ardura azken horrek hartu duen arren.

Solariak Zierbena Solar 2, 3 eta 4 proiektuak aurkeztu ditu. Enpresaren asmoa da eguzki parke horiek Erriberabeitian, Zigoitian, eta Gasteizen eta Iruña Okan eraikitzea, hurrenez hurren, eta horietako bakoitzak 49,895MWeko potentzia izango luke. Ez luketenez 50MWeko muga gaindituko, Eusko Jaurlaritzaren eskumena da, printzipioz, horiei baimena emateko ala ukatzeko eskumena. Lurraren iritziz, ordea, proiektu bakarra osatzen dute, eta hala hartu beharko litzateke kontuan. Horregatik ohartarazi du ez dela Jaurlaritzaren eskumena proiektua aztertzea, Espainiako Gobernuarena baizik.

Horrez gain, elkarteak «gabeziak» atzeman ditu egitasmoaren proiektuan, bestelako irtenbideen azterketari dagokionez eta eremu elektromagnetikoaren eraginari buruzko datuetan, besteak beste.

Lurra sareak prentsaurrekoa zuen egitekoa gaur, baina agerraldia bertan behera utzi du azkenean, «osasun arrazoiengatik». Elkarteak prentsa ohar baten bidez eman du Solariak Araban egin asmo dituen eguzki parkeen gaineko bere iritzia. Horiek 374 hektarea hartuko lituzkete, orotara. Egitasmoak aurreikusten du goi tentsioko linea bat ere egitea, eguzki parkeak Zierbenako azpiestazioarekin (Bizkaia) lotzeko. Linea hori ehun kilometro luze litzateke, 240 dorre lituzke, eta Arabako bederatzi udalerri eta Bizkaiko hamar zeharkatuko lituzke.

Zenbait elkartek eta tokiko erakundek proiektuaren aurka aurkeztu dituzten alegazioak idatzi ditu Friasek. Haren esanetan, proiektuak ez du justifikaziorik ingurumenaren eta gizarte beharren ikuspuntutik, ehun kilometroko goi tentsioko linea bat proposatzen baitu argindarra ebakuatzeko beste aukera batzuk dauden arren. Haren iritziz, beste aukera horiek ez dira behar beste aztertu. «Betiere, egiazko asmoa iruzur egitea ez bada, [argindar] garraio sare bat dena ebakuazio sare gisa tramitatuta, proiektuaren zatiketa bidez, zeina legez debekatuta dagoen».

Solaria enpresak, berriz, ohar baten bidez jakinarazi du linea horren aurka dauden udalekin biltzeari ekingo diola berriro, eta nabarmendu du aurreikusitako bidea egokituko duela, linea eraikitzeak eragingo lituzkeen «kalteak minimizatzeko». Gaineratu du ingurumen ebaluazioak zehaztuko duela linearen bide zehatza zein izan beharko den.

Egitasmoak nekazaritza jardueran izango lukeen eraginari buruz, Friasek ziurtatu du proiektuak urratu egingo lukeela Nekazaritza eta Basogintza Antolatzeko Lurralde Plan Sektoriala, baita hasierako onarpen fasean dagoen Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala ere. Nabarmendu du azpiegiturak balio estrategiko handiko lurrak okupatuko lituzkeela eta ez lukeela errespetatuko salbuespen eremuen baldintza: hiriguneetatik 500 metroko gutxieneko distantzia gordetzea.

Friasek salatu du Solariaren proiektua «legez kanpokoa, aurrekaririk gabea, eta ingurumenaren eta gizartearen ikuspegitik onartezina» dela Arabarentzat. Arabako Foru Aldundiko zerbitzu teknikoei dei egin die «zintzotasun profesionalean» oinarrituta egin ditzaten beren txostenak, «presio politikoetatik» aldenduta.

«Presioak»

Proiektuaren eraginpean dauden eremuetako bi herritarren lekukotzak ere jaso ditu Lurrak bere oharrean. Batetik, Goiuri-Ondona kontzejuko lehendakari Pablo Basterrak azaldu du goi tentsioko linea 200 metro baino gutxiagora pasatuko litzatekeela berak eta bere familiak duten ardi eta gaztagintza ustiategitik. Bestetik, Aitor Ortiz de Zarate nekazariak azaldu du Solariaren proiektuak bere ustiategiko lurren %20 okupatuko lituzkeela, lur horiek balio estrategikoko eremu gisa izendatuta dauden arren.

Ortiz de Zaratek salatu du Solariak «presio handia» egin diela lurrak sal ditzaten. «Nekazaritza jarduerarekin jarraitzeko hartu dugun erabakia ez dute errespetatu». Lurren %20 okupatzeak ustiapena bideraezin egingo lukeela gaineratu du. Aldundiari eta Ramiro Gonzalez diputatu nagusiari babesa eskatu die, «ez ditzaten babesgabe utzi lehen sektoretik bizitzeko hautua egiten dutenak, sektore estrategikoa baita Arabarentzat eta Euskal Herri osoarentzat».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.