Solariaren proiektuei 50.000 alegazio baino gehiago aurkeztu dizkiete

Hamasei elkartek salatu dute enpresak egin asmo dituen eguzki parkeek eta tentsio handiko lineak biodibertsitateari eta lur eremu estrategikoei kalte egingo lieketela. Manifestazio bat iragarri dute urriaren 26rako, Gasteizen.

Solariaren Arabako proiektuen aurkako alegazioak aurkezteko agerraldia, Gasteizen, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren parean.
Solariaren Arabako proiektuen aurkako alegazioak aurkezteko agerraldia, gaur, Gasteizen, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren parean. UAGA
Gorka Berasategi Otamendi.
2024ko uztailaren 10a
14:53
Entzun

Arabako lurraldearentzat «mehatxu» dela iritzita, Solariaren «makroproiektua» onartezina dela salatu dute Araba Bizirik, Arabako Mendiak Aske, AHTrik Ez, UAGA eta beste hamahiru elkartek. Gaur amaituko da epea Solaria enpresak Araban aurkeztu dituen energia berriztagarrien proiektuei alegazioak aurkezteko, eta elkarte horiek 50.000 baino gehiago aurkeztu dituzte. Horrez gain, dei egin diete Eusko Jaurlaritzari eta Arabako Foru Aldundiari proiektu horiek baimendu ez ditzaten. Elkarteek iragarri dute manifestazio bat egingo dutela urriaren 26an, Gasteizen, «erokeria» gelditzeko.

Alegazioak aurkeztearekin batera, elkarte horietako ordezkariek agerraldi bat egin dute gaur goizean Arabako hiriburuan, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren parean, ehun bat lagunek babestuta. Adierazi dutenez, «gaizki deitutako trantsizio energetikoa» ez da gizartearen onurari begira egiten ari. Aldiz, «aitzakia bat» da, enpresa handiek «negozioa egin dezaten lurraldearen bizkar».

Elkarteen ustez, Araban ezarri asmo dituzten berriztagarrien proiektu handiak ez daude «irizpide baten, planifikazio baten, aurreikuspen baten» arabera eginak. Nabarmendu dute ez daudela energia berriztagarria sustatzearen kontra, baizik eta trantsizio energetikoa gauzatzeko hautatu den ereduaren aurka. «Berriztagarriak, bai; baina ez horrela», laburbildu dute.

Enpresekin «lerratuta»

Nahigabetuta agertu dira, erakunde publikoak «enpresa energetiko handiekin lerratuta» ikusten dituztelako, eta «Arabaren espoliazioa baimentzen» ari direlako. «Biodibertsitatearen eta laborantzarako, basogintzarako eta larreetarako lurren galera azkartzen ari da. Lurraldetik kanporatzen ari dira landa eremuko bizitzaren alde apustua egin duten herritarrak». Hori dela eta, Jaurlaritzari eta Arabako Foru Aldundiari eskatu diete mugak jar diezazkietela enpresa energetiko handiei. «Araban bizitzen jarraitu nahi dugu», adierazi dute agerraldian irakurri duten komunikatuaren amaieran.

Solariak Araban aurkeztu dituen Zierbena Solar 2, 3 eta 4 proiektuen kontrako alegazioak aurkeztu dituzte. Hirurak dira parke fotovoltaikoak, eta Erriberabeitian, Zigoitian, eta Gasteizen eta Iruña Okan eraiki asmo ditu enpresak, hurrenez hurren. Proiektuan aurreikusi dute goi tentsioko linea bat ere egitea, ehun kilometrotik gorakoa, eguzki parke horiek Zierbenako azpiestazioarekin lotzeko (Bizkaia).

Tokiko hainbat elkartek ere aurkeztu dituzte proiektu horien aurka alegazioak. Besteak beste, Gasteizko Kontzeju Elkarteak, Amurrioko Udalak, Zuiakoak, Aiarakoak, Abantokoak, Galdameskoak, Gordexolakoak eta Zierbenakoak. Erriberabeitiko Udalak jakinarazi du mozio bat onartu zuela astelehenean, balio estrategiko handiko lurretan berriztagarrien azpiegitura handiak ezartzearen kontra.

Arabako ahaldun nagusi Ramiro Gonzalez ere egitasmoaren aurka mintzatu izan da. Haren esanetan, proiektuak «ez dira bideragarriak, orain dauden bezala», ingurumenean eta hirigintzan izango luketen eraginarengatik.

Harago joan zen Lurra sarea, proiektuak «legez kanpokoak» direla iritzita. Haren esanetan, enpresak «iruzurra» egin du egitasmo bakar bat behar lukeena proiektu txikiagotan zatituta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.