Solariaren «jazarpena» salatu dute Zigoitiko hainbat lursailen jabeek

Solaria enpresak herrian egin nahi duen Zierbena Solar 3 planta fotovoltaikoaren proiektuak «hondamendia» ekarriko duela diote. Ohartarazi dute ez dituztela salduko euren lurrak.

Zigoitia Bai plataformak proiektu fotovoltaikoaren aurka gaur eginiko agerraldia. BERRIA
Zigoitia Bai plataformak proiektu fotovoltaikoaren aurka gaur eginiko agerraldia. BERRIA
edurne begiristain
2024ko uztailaren 26a
12:34
Entzun

Zigoitiko (Araban) hainbat herritarrek ahotsa goratu dute Solaria enpresak herriko nekazari lurretan egin nahi duen planta fotovoltaikoaren proiektuaren aurka. Zierbena Solar 3 izeneko proiektua martxan jarri nahi du enpresak bertan, baina nekazaritza lurren jabe gehienak ez daude ados, Zigoitia Bai plataformak gaurko prentsaurrekoan jakinarazi duenez. Enpresa lursailen jabeei «jazartzen» ari zaiela salatu dute, eta «babesik gabe» daudela ohartarazi. Hala, administrazioei eskatu diete herritarrak defendatzeko Solariaren «erasoetik». Izan ere, uste dute proiektuak «hondamendia» ekarriko diela komunitateari, naturari eta herritarren bizimoduari.

Azaldu dute harremanetan jarri direla Zigoitiko lursailen jabe guztiekin, eta jakin dutela ia guztiek uko egin diotela edo egingo diotela lurrak enpresari saltzeari. Lursail guztiekin mapa osatu du Gorbeialdeko lurren behatokiak, eta horren berri eman dute agerraldian; mapan ageri denez, proiektua egin nahi duten nekazari lurren jabe gehienek ez dute onartu enpresaren proposamena. Eta harekin sinatu duten lur jabeek, esan dutenez, ez dute inolako loturarik enpresarekin. «Gutxiengoa dira jabeen artean, baina garai bateko lur pilaketa baten ordezkariak dira. Horiek dira Solariaren aliatu ia bakarrak». Areago, jakinarazi dute enpresarekin akordioren bat sinatu duten zenbait jabek Zigoitia Bai plataformara jo dutela babes juridikoa galdegitera, «engainatuta» sentitu direlako.

Zigoitia Bai plataformako kideek salatu dute enpresa «alarma» sortzen ari dela jabeengan, komunitatearen «ahuleziak» bilatu eta «izua erabiliz» konbentzitu nahi dituelako lursailak sal ditzaten. Haatik, ohartarazi dute lursailen jabeek ez dituztela onartuko Solariaren «gezurrak», eta haien lurrak ez direla proiektu fotovoltaikoaren parte izango.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.