Arabako Foru Aldundiak alegazioak aurkeztu dizkie Solariaren hiru proiekturi

Proiektuei ezezkoa emateko arrazoi nagusia hauxe da: nekazaritzarako eta abeltzaintzarako egokiak diren lurrei kalte egingo lieketela.

EGUZKI
Erriberabeitiko Ekian eguzki parkearen irudi bat. ENDIKA PORTILLO / FOKU
inaut matauko rada
2024ko irailaren 18a
14:30
Entzun

Solaria berriztagarrien promotorearen Zierbena Solar 2, 3 eta 4 proiektuei alegazioak aurkezteko epea hasi da orain, eta tokiko erakundeek eta zenbait eragilek ez ezik, Arabako Foru Aldundiak ere lau txosten aurkeztu ditu, proiektuak bertan behera uzteko motiboak azalduz. Proiektu horietan aurreikusi dute milaka eguzki plaka jartzea Arabako Lautadako hainbat udalerritan, eta Arabako Aldundiaren Nekazaritza, Ingurumen eta Kultura sailek eta Errepideen Zerbitzuak zenbait txosten aurkeztu dituzte proiektuok salatzeko.

Hainbat arrazoi eman dituzte proiektuaren aurka, ez bakarrik horiek egiteak berak izango lituzkeen eraginengatik, baita proiektuen erredakzioan izan diren hainbat arazorengatik ere. Hala ere, proiektuak bertan behera uzteko argudio nagusia zera da, nekazaritzarako eta abeltzaintzarako egokiak diren lurretan «kalte onartezinak» eragingo lituzketela, baita ingurumenean ere, halako proiekturik ez baita aurrez inoiz egin. Halaber, kritikatu egin dute proiektuak zein azkar eraikiko liratekeen.

Ingurumen inpaktuaren txostena egiteko orduan Solariak tranpa egin duela iradoki du aldundiak; izan ere, azaldu du proiektuaren azpiegitura guztiek batera izango luketen eragina ez dutela kalkulatu. Ez baitira soilik eguzki plakak, horiek eskatzen duten azpiegitura guztia hartu behar baita kontuan: ia 100 kilometroko tentsio handiko linea, esaterako. Hori dela eta, «kalitate txikiko» txostena egitea egotzi diote enpresari, «hutsune eta akats oso esanguratsuak» baititu.

Luze joko du

Oraindik irekita dago alegazioak aurkezteko epea, baina aurreikusi dute eraikitze lanak hasi arte denborak luze joko duela, betiere enpresak horretarako baimena lortzen badu. Izan ere, milaka alegazio aurkeztu dizkiete proiektuei hainbat norbanakok, tokiko erakundek eta zenbait eragilek: uztailaren 10erako jada 50.000 alegazio zeuden aurkeztuta. Alegazioen epea ixtean, horiei buruzko erabakiren bat hartu beharko du Eusko Jaurlaritzak, haren esku baitago horiekin aurrera egitea, aldaketaren bat egitea edo atzera botatzea.

100 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa eskatuko dute proiektuek, eta 373 hektareetan 300.000 eguzki plaka baino gehiago jarri nahi dituzte. Ekoitzitako energia Bizkaiko kostaldera eramateko asmoa dute, 100 kilometro inguruko tentsio handiko linea baten bidez.

Viscofanen plakak, aurrera

Kaseda (Nafarroa) udalerriko paper fabrikaren ondoan 48 megawatteko gehienezko potentziatik gorako parke fotovoltaiko bat egiteko asmoa du Viscofan enpresak, eta Nafarroako Gobernuak «foru intereseko inbertsio» gisa sailkatu du gaur. Azaldu dute parke horren eraikuntzak 269 lanpostu sortuko dituela, eta eraiki ostean, lau langile arduratuko dira horren mantenuaz.

Egin dituzten kalkuluen arabera, urtean 50.000 karbono dioxido tonen isuria saihestuko du plantak. Energia gehien kontsumitzen duen Nafarroako enpresa da Viscofan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.