Solaria enpresaren proiektu fotovoltaikoetako batzuk bideraezinak direla berretsi du Ramiro Gonzalezek

Orain planteatuta dauden moduan ingurumenean eta hirigintzan eragin dezaketela adierazi du ahaldun nagusiak, eta instituzioei galdegin die Araban kontsumituko den energia Araban bertan ekoizteko neurriak har ditzaten.

Arabako parke fotovoltaiko bat, artxiboko irudi batean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Arabako parke fotovoltaiko bat, artxiboko irudi batean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Maixa Utrera Puelles.
2024ko ekainaren 5a
15:40
Entzun

Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak iragarri du Solaria enpresaren proiektuetako batzuek «bide oso zaila» dutela aurretik, eta seguruenik ez direla aurrera eramango. Duela bi aste, Gonzalezek berak zalantzan jarri zuen Solariak sortu nahi dituen hiru parke fotovoltaikoen egokitasuna, eta gaur bideraezinak direla berretsi du Arabako Batzar Nagusietan egindako kontrol saioan. Diputatuak azaldu duenez, proiektuak, «orain dauden bezala planteatuta behintzat», ez dira bideragarriak, «ingurumenean eta hirigintzan duten eraginagatik».

Izan ere, Solariak eguzki plakaz osatutako hiru parke egin nahi ditu Araban, Zierbena 2, 3 eta 4 , eta bertan sortutako energia Zierbenaraino (Bizkaia) garraiatu nahi dute, 100 kilometro baino gehiagoko tentsio handiko lineen bidez, hango azpiestazioan sareratzeko. Ahaldun nagusiak, baina, adierazi du Araban kontsumituko den energia Arabatik kanpo ekoiztea ez dela ez jasangarria ez logikoa. Gonzalezen arabera, Araban ez dago behar bezalako konexio punturik, eta horrek behartu egiten ditu enpresak energia beste lurralde batzuetan ekoiztera. Haren ustez, hori gertatzen da Solariaren parke fotovoltaikoekin. «Proiektuak, gaur egun diseinatuta dagoen moduan behintzat, ez du ez hanka ez buru. Energia ekoizten den eta energia kontsumituko den guneak elkarrengandik urrun egoteak ez du zentzurik».

«Proiektuak, gaur egun diseinatuta dagoen moduan behintzat, ez du hanka ez buru. Energia ekoizten den eta energia kontsumituko den guneak elkarrengandik urrun egoteak ez du zentzurik».

RAMIRO GONZALEZ Arabako ahaldun nagusia

Xabier Valdor EH Bilduko batzarkideak aldundiaren jarrera kritikatu du. Valdoren ustez, energia berriztagarriak «non, noiz eta nola zabaldu nahi dituzten» erabakitzeko eskumena ematen die aldundiak enpresa handiei, nekazarien ongizatea kontuan hartu gabe. Hala ere, Gonzalezen adierazpenen norabide aldaketa baloratu du.

Planifikazioa ardatz

Eusko Jaurlaritzari eta Espainiako Gobernuari erantzukizuna har dezaten eskatu die bereziki Gonzalezek, eta Arabako energia berriztagarriek behar dituzten eskakizunei erantzuteko. «Ez du logikarik Aragoin ekoitzitako energiak ehunka kilometro egitea Arabako sarera iraultzeko, eta Araban ekoitzitako energiak ehun kilometro bidaiatzea Bizkaiko sarera iraultzeko», adierazi du.

Halaber, iragarri du Arabako Foru Aldundiak energia berriztagarrien lurralde plan sektoriala onartzeko «urgentzia» helaraziko diola Eusko Jaurlaritzari: «Jaurlaritzaren lehentasunetako bat izan behar da berriztagarrien mapa bat marraztuko duen plangintza tresna bat izatea».

Espainiako Gobernuari, berriz, sare elektrikoen inbertsioetan «planifikazio on bat egitea» galdegin dio. Uste du badela garaia Espainaiko Gobernuak «aspaldi identifikatuta dagoen arazoari» erantzun diezaion eta trantsizio energetikoa bermatuko duten neurriak har ditzan. «Planifikazioa administrazioek bultzatu behar dute, eta ez enpresek», argitu du. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.