Gaur, mobilizazioak egiten ari dira Euskal Herri osoan Karmele Solagurenen heriotza salatzeko. Bere herrian, Barañainen, elkarretaratzea egitekoak ziren eguerdian, baina Guardia Zibilak oztopatu egin du elkarretaratzea. Guardia Zibila Barañainen egon da goizetik, eta elkartuta zeudenak "mehatxatu" ondoren, elkarretaratzea bertan behera uztea erabaki dute.
Arratsaldean beste elkarretaratze bat egiten saiatuko dira Barañainen, 18:00etan, Etxeratek deituta.
Igandean, berriz, omenaldia egingo diote, Barañainen bertan.
“Mendeku eta gorroto politikak” utzi eta "bizitzaren aldeko apustua" egiteko eskatu du Etxeratek.
Aurten, Karmele Solaguren, Oihane Errazkin, Leo Esteban eta Kepa Miner “sakabanaketa politikak hil” dituela gogorarazi du Etxeratek, eta Angel Berrueta eta Kontxi Sanchiz “Euskal Herrian diharduten indar armatuek” . Horretaz gain, 53 lagunek torturak salatu dituztela, eta “sakabanaketak eragindako 41 istriputan" 112 lagun zauritu direla ere ekarri dute gogora.
“Euskal Herriko instituzioek, alderdi politikoek eta masa komunikabideek inolako lotsarik gabe ezkutatzen duten biolentzia gordina da” esan dutenez beraiek bizi dutena, “bi estatuek gure eta Euskal Herritarren aurka darabilten biolentzia ankerra”.
Sufrimendua “patrimonializatu” egiten dela salatu dute, eta “lehenengo eta bigarren mailako herritarrak” sortu nahi izan dituztela, “Euskal Herriak bizi duen gatazka politikoko parte bat eliminatzeko”.
Espainiako eta Frantziako legalitateak “hil egiten duela” azpimarratu dute. Baina, “mendeku eta gorroto politikak utzi eta bizitzaren aldeko apustua” egiteko deia egin dute.
Horretarako, eragile orok “alderdikeriak alde batera utzi” eta “pauso zehatzak” eman behar dituela diote. “Ezinbestekoa da euskal preso politikoak Euskal Herriratzea, gure eta beraien oinarrizko eskubideen eta bizien berme bakarra izateaz gainera, gatazka politikoaren konponbidean pausoak eman nahi badira, ezinbestekoa baita eragile ororen parte hartzea, eta parte hartze horretarako bideak ahalbideratzea, euskal preso politikoak Euskal Herriratuz, besteak beste”.
Gaur, elkarretaratzeak egingo dituzte Euskal Herriko auzo eta herri guztietan, Eskubideak bermatuz gatazkaren konponbidera! Karmele gogoan zaitugu! goiburupean.
Solagurenen heriotza
Solagurenen heriotza salatzeko ekitaldiak oztopatu ditu Guardia Zibilak Barañainen
Karmele Solagurenen heriotza salatzeko ekitaldiak egitekoak ziren gaur Barañainen, baina Guardia Zibilak "herria hartu" duenez, ezin izan dute egitekoa ziren elkarretaratzea egin. Ekain Gerra semea bisitatzera kartzelara zihoala hil zen Karmele Solaguren, istripuz. Arratsaldean mobilizazioak egingo dira Euskal Herriko herri eta auzo guztietan, heriotza hori salatuz. “Mendeku eta gorroto politikak” utzi eta "bizitzaren aldeko apustua" egiteko eskatu du Etxeratek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu