'Soilik baietz da baietz' legea aldatzea babestu du Lopezek

Lopezek azaldu du sozialistak «hitz egiteko eta negoziatzeko» prest daudela, zigor murrizketak eteteko

2023ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
ERMUA. PSE-EEren Ermuko (Bizkaia) alkategai Juan Carlos Abascalen aurkezpen ekitaldian parte hartu zuen atzo PSOEren Espainiako Kongresuko eledun eta Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohi Patxi Lopezek. Ekitaldian, soilik baietz da baietz legearen erreforma izan zuen hizpide, eta esan sozialistek «nahi eta nahi ez» aldatuko dutela hura.

Patxi Lopezen esanetan, Sexu Askatasunerako legea «oso ona» da, baina, zigor murrizketei erreferentzia eginda, gehitu du PSOEri gustatu ez zaion norabide bat ere hartu duela. Hala, legea aldatzeko «hitz egiteko eta negoziatzeko» prest daudela azaldu du. Bide horretan, legearen alde egin zuten alderdiekin elkarrizketatu direla adierazi du.

Kontrara, Lopezek PPri leporatu dio herritarren mesederako egindako neurri ororen kontra egin dutela, eta Soilik baietz da baietz legeari dagokionez ere ez dutela egoera konpontzen lagundu, nahiz eta ustezko «salbatzaile» gisa agertu nahi izan duten: «Zarata soilik egiten dute. Horrek erakusten du ez dutela ez proiekturik, ez lidergorik. Ez dira alternatiba bat».

PSE-EEren Bizkaiko ahaldun nagusirako hautagai Teresa Laespadak, berriz, sozialistek maiatzeko hauteskundeetarako prestatu duten proposamena nabarmendu du bere hitzaldian. Laespadaren esanetan, «eskubideen eta ekintzen alderdia» da eurena. Adierazi du badakitela zeintzuk diren egungo erronkak, eta horiei aurre egiteko lanean ari direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.