Euskal presoak. Elkartasuna

Sobran daude belaontziak

Mirentxin gidariek bukatu dute euren bidea: beharrik ez dagoenez gero, jada ez dira bidaia gehiago egiten ari. Urtero zazpiehun boluntario inguruk gidatu dituzte furgonetak.

Karlos Albas eta Iñaut Zabala, Donostiako eta Hernaniko Mirentxin gidarien arduradunak. GORKA RUBIO / FOKU.
maddi ane txoperena iribarren
Donostia
2022ko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
Seniderik ez bisitarik gabe. Hori izan du leloa azken urteotan euskal presoak zeuden urruneneko kartzeletara hamaika bidaia egin dituen Mirentxin gidarien taldeak. Eta urteotan guztiotan bete du bere helburua. «Izan da erantzun bat egoera bati, sakabanaketarenari», azaldu du Karlos Albas Donostiako Mirentxinen arduradunak. Baina egoera hori aldatuz joan ahala, haien beharra ere urrituz joan da: «Bukatzeko jaio zen Mirentxin, eta, zorionez, bukatu da», gehitu du Iñaut Zabala Hernaniko koordinatzaileak. Urruntzearen itsasorik ezean, sobran baitaude portuetara iristeko belaontziak. Eta hainbertze bidaia egin dituzten furgonetak saldu egin dituzte jada Mirentxin gidarietako kideek. «Ematen du batzuei pena ematen diela, baina zenbat urtetan ibili gara esaten 'Ea noiz bukatzen den hau'?».

Mirentxin Aurrekoetxearen omenez jarri zioten izena elkartasun taldeari, Albasek azaldu duenez: «Senarra Algecirasen preso zeukan emakume bat zen, 1990eko hamarkadaren hasieran edo. Ia asteburuero joaten zen senarrarengana, eta Mungiako kuadrilla bat antolatu zen haien artean: 'Mirentxin ezin dugu bakarrik utzi'». Geroztik, Aurrekoetxea bera baino anitzez gehiago izan dira bakarrik utzi ez dituzten senide eta lagunak. Asteburuero-asteburuero, milaka bidaia egin baitituzte Mirentxin gidariek, Algecirasera bezala, gaur egun jada euskal presorik ez duten bertze hamaika kartzelatara ere bai.

Albasek eta Zabalak kalkulatu dute urtero zazpiehun gidari boluntariotik goiti aritu direla furgonetak gidatzen. Euskal Herrian antolatutako bederatzi taldek koordinatu dute guzia, herrika edo eskualdeka, eta lana ahalik eta gehien banatzen saiatu dira, gidari bakoitzak urtean bidaia bakarra egiteko moduan. Ez da lan makala izan, halere. Zabala: «Gure lana bakarrik ez zen gidariak bilatu, bidaiak antolatu eta kito. Gero dirua lortu behar genuen, lau urtean behin erosi behar genuelako furgoneta berri bat». Zehaztu du lau urteetan furgoneta bakoitzak gutxi gorabehera 400.000 kilometro egiten zituela: «Eta 400.000 kilometrotik pasatzen zirenean, furgonetak saltzen genituen, berriak erosteko. Bidaia hauetan ezin da hutsik egin: iritsi behar dugu». «Eta segurtasun minimo batekin», gaineratu du Albasek.

2021eko maiatzean egin zuten azken bidaia. «Algecirasera, oker ez banago, eta harrezkeroztik hau bukatu da», azaldu du Albasek. Ekainean bilera bat egin zuten, eta Etxerat-ek adierazi zien jada ez zutela haien beharrik: «Esan ziguten senideek ez zutela eskatzen. Madrildik gora bidaiatzeko moldatzen direla». Zabalak azaldu du eskaini zietela bidaia motzagoetarako ere laguntza; baina senideek ez zuten behar, edo nahi. Orain, «gozatzen bezala» ari baitira bidaiez, haren hitzetan: «Hogei urte daramatzate Algecirasera joaten kristoren egoera prekarioan, edo autobusean, gaizki lo egiten, literan, Mirentxinen, eta, orain, bi orduko bidaia gustura egiten dute». Konparazioan, behintzat.

Egin duten ekarpena hamaika aldiz eskertuta itzali dituzte motorrak, halere. «Bereziki Almeriara joaten ginenean, kristoren giro polita egoten zen bidaietan; senideen artean ere kristoren harreman ona zeukaten», oroitu du Albasek. Hark ere egin ditu lagunak bidean, gidarien eta arduradunen artean batez ere: «Gure artean harremana oso polita izan da». Etsaiak gehiago Zabalak, ironiaz dioenez: «Pasatu dizkiedan fardelengatik. Hernanin jendeak ez nau ikusi nahi!».

Birusak baldintzaturik

2005ean hasi zen Albas Donostiako taldean, eta denetarikoak ikusi ditu urteotan guziotan: kontrolak, eguraldi txarra... Kontatu du, adibidez, Almeriara zihoazela Lerman eman behar izan zutela buelta behin, elurragatik. «Baina oso gutxitan egin dugu kale, bitan edo». Anekdotak ere kilometroka dituzte: «Gogoratzen naiz behin, Kordobara joaten, nire lagun bat gidatzen ari zela, gasoliorik gabe geratu zirela, eta, bat-batean, pikoloak. Hori berez isuna da! Ba, lagundu egin zieten: gasoila eraman zieten arrankatzeko, eta gasolindegiraino eskoltatu zituzten. Ia gosaltzera gonbidatu zituzten!». Kontrakoak, ere bai: «Handik bi urtera, Kordobara joaten baita ere, pikoloen kontrolean bi ordu pasatu zituzten eskuburdinak jarrita. Bi ordu!».

Poliziaren aldetik lasaiagoak, baina azken bi urteak ere konplikatuxeak izan dituzte. Batetik, urruntzea pixkana-pixkana bukatu delako, eta ez kolpean. «Andaluziako autobusa betetzeko, gutxieneko kopuru bat behar zen, eta, ez zenez iristen, gu hasi ginen Puertora-eta joaten», azaldu du Albasek. Eta, bertzetik, koronabirusa sartu delako tartean. Zabala: «Jende askok beldurra hartu zion furgoneta batean sartzeari, itxita... Protokolo bat jarri genuen, tenperatura hartzen genien...».

Oraindik hiru furgoneta eta talde batzuk mantendu dituzte, «badaezpada», baina ez dute espero berriz bidaiak egiten hasi beharko dutenik. Euskal presoen aldeko mugimenduan jarri nahi dute indarra orain. Zabala: «Laster Euskal Herrian egongo dira, baina Euskal Herrian ere espetxean daude. Atera behar ditugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.