gatazkaren konponbidea

SNCF konpainiak eskatu du Bakegileek 159.000 euroko kalte ordaina eman diezaiotela

Gaurko epaiketarako parte zibil gisa jarri da konpainia azken orduan, eta kalte ordainak eskatu ditu uztailaren 23ko ekintzagatik. «Neurrigabea eta onartezina» dela erran dute Bakegileek. 50 bat hautetsik babesa adierazi die ekintzaileei, eta azaldu dute Frantziako Estatuaren «engaiamendurik ezak Jon Parotentzat eta Jakes Esnalentzat izan zezakeen ondorio tragikoak» bultzatu zituela Bakegileak egun horretako mobilizazioak antolatzera.

Uztailaren 23ko desobedientzia ekintzetako bat. JON URBE / FOKU
jon olano
2022ko abenduaren 14a
16:52
Entzun

Azken orduko parte hartzaile bat gehitu da bederatzi bakegileren kontra bihar eginen duten epaiketara. Akizeko Auzitegian (Okzitania) parte zibil gisa jarriko da SNCF tren konpainia, eta 159.000 euroko kalte ordaina eskatu du; beste 4.000 euro nahi ditu justizia gastuak ordaintzeko. Aitzitik, trenbide sareaz arduratzen den SNCF Réseau enpresa ere parte zibil gisa jarria zen: 5.500 euroko kalte ordaina eskatua zuen. Bakegileek erran dute tren konpainiaren eskaera berria «neurrigabea eta onartezina» dela.

Iragan uztailaren 23an, ehunka bakegilek Ipar Euskal Herriko errepide sarea blokeatu zuten, Jakes Esnal eta Ion Parot euskal presoak baldintzapean aske utz zitzatela eskatu, eta Frantziako Gobernua gatazkaren konponbide prozesuan urratsak egitera bultzatzeko. Autobidean, Miarritzeko Aireportuan eta trenbidean ere egin zituzten ekintzak. Akize eta Baiona arteko trenbidea blokeatzea leporatuta epaituko dituzte bihar bederatzi bakegileak.

Auzi saioaren bezperan, Ipar Euskal Herriko 50 bat hautetsik sostengua adierazi diete auzipetuei. Nabarmendu dutenez, ekintza baketsuak egin zituzten, eta aurrez eman zieten horien berri lekuko kolektibitateei, lurreko, trenbideko eta aireko garraiobideei eta eragile ekonomikoei. Era berean, azaldu dute «Euskal Herrian 2011n abiatu zen bake prozesuaren barruan» iragan zirela protestak: «[Frantziako] Estatuburuaren isiltasunak, Estatuaren engaiamendurik ezak gizarte zibil eta hautetsien ondoan, eta Jon Parotentzat eta Jakes Esnalentzat egoera horrek izan zezakeen ondorio tragikoak bultzatu dituzte egun horren antolatzera», diote hautetsiek.

Gogora ekarri dutenez, desobedientzia ekintzak egin zituzten egunean bertan, suprefeta hautetsi talde batekin bildu zen, eta hari eskatu zioten atxilotuei zigor penalik ez jartzeko. «Konbentzimendu osoz, gelditu gabe eta deliberamendu osoz inplikatu diren guztiak» txalotu dituzte, eta nabarmendu dute Jon Paroten eta Jakes Esnalen baldintzapeko askatasunarekin «etapa berri batera pasatzea lortu» dutela: «Horrek bidearen bukaeraraino joatea bermatu beharko luke».

Babes mezuaren sinatzaileen artean daude gatazkaren ondorioen konponbide prozesuan ordezkaritza politikoa osatzen dutenak: Max Brisson Pirinio Atlantikoetako senatari eta departamenduko kontseilaria, Frederique Espagnac Pirinio Atlantikoetako senatari eta Akitania Berriko kontseilaria, Jean Rene Etxegarai Baionako auzapez eta Euskal Hirigune Elkargoko presidentea, Emilie Dutoya Akitania Berriko kontseilaria, Kotte Ezenarro Hendaiako auzapez eta Euskal Hirigune Elkargoko presidenteordea, Alain Iriart Hiriburuko auzapez eta Herri Elkargoko Kontseilari Delegatua, Lucien Betbeder Auzapezen Biltzarreko presidente ohia eta Michel Veunac Miarritzeko auzapez ohia.

Horiez gain, beste hainbat auzapez daude sostenguen zerrendan: Eneko Aldana Ziburukoa, Xole Aire Urepelekoa, Philippe Aramendi Urruñakoa eta Christelle Mange Sohütakoa, besteak beste. Euskal Elkargoko presidenteorde ugarik ere izenpetu dute: Martine Bisauta, Bruno Karrere eta Antton Kurutxarri, esaterako.

Foro Sozial Iraunkorrak ere elkartasuna adierazi die auzipetuei: «Epaiketa horiek ez diote ekarpenik egiten bizikidetza demokratikoari».

Bakegileek dei egin dute gaur Akizera joatera; 12:30ean elkarretaratzea egingo dute auzitegi aitzinean, auzi saioa bukatu arte. 13:30ean deitu dituzte deklaratzera auzipetuak. Abokatuek eskatu dute auzipetuak errugabetzeko: «Premiazko egoerak justifikatzen ditu». Biharkoez gain, beste 11 epaituko dituzte otsailaren 2an, autobidea blokeatzeagatik.

Blokeatze egunean 2.600 bat ekintzailek hartu zuten parte, eta 26 lagun atxilotu zituzten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.