Saiatuta ere, ez dute hondoratu. Duela sei urte, Skolae programaren aurkako kanpaina bortitza abiatu zen Nafarroan: eskola erlijiosoetako zenbait gurasok, talde ultrakatolikoetako ordezkariek eta herrialdeko eskuin politikoak auzitara jo zuten zenbait teknikariren eta hezitzaileren aurka, hezkidetza programa bat abian jartzeagatik. Ez zuten nahi genero berdintasunari, sexu heziketari eta indarkeria matxistari lotutako edukiak ikastetxe eta ziklo guztietan irakasterik. Eztabaida lokazteaz harago, eskuinak ez zuen lortu Skolae geldiaraztea, eta, orain ere, hari eusteko asmoa agertu du Nafarroako Gobernuak. Are: ikastetxe gehiagotara zabalduko dute datozen urteetan.
Atzo aurkeztu zuen gobernuak 2024-2028ko aldirako hezkidetza plana, eta, horretan azaldu duenez, urrats gehiago egin nahi dituzte «indarkeria sexista ororen aurka prebenituko duen eta genero arrakalak erauziko dituen eskola eredu bat» bermatzeko bidean. Planaren nondik norakoak aletu zituzten Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilari Carlos Gimenok, Hezkuntzako zuzendari nagusi Gil Sevillanok eta Berdintasun eta Bizikidetza ataleko buru Itziar Irazabalek.
Aurreko planen ildo estrategikoetan sakontzeaz gain, 2024-2028ko proiektuaren sustatzaileek azpimarra jarri dute, batetik, ikasgelan atzemandako indarkeria matxista mota ororen «prebentzioan, detekzioan eta esku hartzean»; eta, bestetik, planaren beraren ebaluazioan. Izan ere, datorren ikasturtean, Skolaeren ziklo osoa bukatuko dute Nafarroako 114 ikastetxetan. Programaren ibilbidea eta helburuen betetze maila aztertu nahi dituzte, lehen aldiz.
Azaroaren 19ra arte, planaren zirriborroa ikusgai izanen da Nafarroako Gobernuaren gardentasun atarian, eta edonork aukera izanen du ekarpenak egiteko. Epe hori igarota, txosten bat eta memoria bat onduko dituzte, eta, behin betiko testua idatzita, Nafarroako Eskola Kontseilura igorriko dute, onespena eman diezaion.
Plana ontzeko garaian, «Hezkuntza Sailaren hezkidetzako prestakuntza prozesuan lan egiten duten 70 tutoreren baino gehiagoren laguntza» izan dutela nabarmendu du Gimenok. «72/2021 foru dekretuan ezarria dago hezkidetza ikastetxe eta ziklo guztietara zabaltzeko beharra, eta gobernu itunean jasotako konpromisoetako bat da».
Zazpi lan ildo, 284 ikastetxe
Programaren xehetasunak eman ditu Itziar Irazabal atalburuak. Adierazi duenez, hezkidetza planak zazpi ildo estrategiko izanen ditu: «Bat, irakasle guztiak hezkidetzan heztea; bi, prestakuntza hori departamentuko beste zerbitzu batzuetara ere zabaltzea; hiru, ikastetxeetan hezkidetza identitatea bermatzea; lau, ikasleen parte hartzea sustatzea; bost, genero indarkeriazko jokabideak garaiz prebenitzea, atzematea eta era eraginkorrean esku hartzea; sei, koordinazioa sustatzea beste entitate, erkidego eta herrialde batzuekin; eta zazpi, hezkidetza prozesua ebaluatzea».
Hain zuzen, ebaluazioa egin ahal izateko, tresna berriak garatu dituzte Hezkuntza Departamentuan, eta teknikari independenteak arduratuko dira zikloa bukatu duten 114 ikastetxeen esperientzia aztertzeaz.
Skolae 2017. urtean abian jarri zenetik, Nafarroako 284 ikastetxe publiko eta itunduetan ezarri dute, guztien %87etan, alegia. Gobernuaren asmoa da datozen urteetan programa guztiz zabaltzea.
Skolae, sasi guztien gainetik
Nafarroako Gobernuak hezkidetza programaren aldeko apustuari eutsiko dio 2024-2028ko aldian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu